21 talde lehiatuko dira asteburuko kriket txapelketan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 18a, 08:40

Iazko txapelketako irudi bat. (Ane Olaizola)

Zapatuko partida guztiak Azpeitiko Goenako zelaian jokatuko dituzte. Ordea, txapelketa Azkoitikoa izanik, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte igandean Azkoitiko Oteiza frontoietan, 18:00 inguruan hasita.

Azkoitiko XII. Kriket Txapelketa jokatuko dute asteburuan Azkoitia eta Azpeitia artean. Pakistandarren komunitateko 21 talde arituko dira nor baino nor gehiago lehian, aurten inoiz baino hiri gehiagotatik etorritakoak, gainera. Azkoitiko, Azpeitiko, Zumarragako (Gipuzkoa), Eibarko (Gipuzkoa), Donostiako eta Gasteizko taldeak elkartuko dira txapelketaren bueltan, baina baita Espainiatik eta Herrialde Katalanetatik etorritakoak ere: Bartzelonatik, Valentziatik, Madrildik, Burgostik eta Logroñotik.

21 talde izanda, hiru taldez osatutako zazpi multzotan banatuko dute txapelketa, eta multzoko onenek lortuko dute soilik txapelketan aurrera egitea. Zapatuan, Azkoitiko, Azpeitiko eta inguruko beste hainbat taldek jokatuko dituzte partidak Azpeitiko Goenako zelaian, eta igandean, Kataluniakoek edota Espainiakoek. Goizean goiz hasiko dituzte lehiak Goenan, eta egun osoan zehar arituko dira han kriketean.

Zapatuan irabazten dutenek eta igandean irabazten dutenek elkarren aurka jokatuko dituzte igandean finalaren atariko kanporaketak. Hain justu, Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan jokatuko dituzte txapelketako bi finalerdiak eta finala, 18:00etan hasita. Ohi bezala, lehen hiru talde sailkatuak eta jotzaile nahiz jaurtitzaile onenak sarituko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide