Iazko irailaren azkenean zendu zen Iñaki Alberdi Xakarro, eta hura omentzeko nahiz oroitzeko, kontzertuak antolatu dituzte zapaturako Azkoitian. Xakarro zenaren amona Marik, Mila amaren amak, ireki zuen Berdura Plazan duela ia ehun urte Mari frutategia. Hasieran, Kale Nagusiko etxepe batean zabaldu zuen Xakarroren amonak denda, baina urte gutxira lekualdatu zuen Berdura Plazara. Amonari amak eta amari semeak hartu zioten lekukoa; izan ere, Xakarro hainbat hamarkadaz aritu zen lanean amarekin batera, harik eta iaz zendu zen arte. Orduz geroztik, saltokiaren pertsianak botata daude, itxita.
Omenaldia sustatu duen Entzun elkarteko kideetako bat da Jon Ander Larramendi. Hark tabernatik ezagutzen zuen Xakarro zena, eta "ezusteko nahiz atsekabe" handia hartu zuen Xakarro hil zela jakin zuenean. "Mutil naturala zen Xakarro. 15 urte zituenetik hil zen arte amarekin aritu zen lanean. Nik ditudan oroitzapenak onak dira; xaloa eta eskuzabala zen, borondate handikoa eta edozertarako prest zegoen gizona", adierazi du Larramendik.
Ordea, zapatuko ekitaldia ez da Larramendiren burutazio soila izan; omenaldia Josu Zabala musikariaren ekimenez atera da aurrera. Larramendik dioenez, hark Zabalaren dei bat jaso zuen Xakarro hil zenean, haren omenez Azkoitian kontzertu bat antolatzeko proposamena eginez; izan ere, Xakarrok eta Zabalak "lotura estua" zuten Larramendiren arabera: "Xakarroren emaztearen familiak Otxandion baserri bat du. Bikotea ia astero joaten zen hara asteburua igarotzera, eta Zabala bera zen haien bizilagunetako bat. Une asko igarotzen zituzten elkarrekin". Zabalaren proposamenari baiezkoa emanda, aurrerago hitz egitekotan gelditu ziren bi lagunak.
Lau talde omenaldian
Lehen dei hartatik bi hilabetera deitu zion berriz Zabalak Larramendiri, omenaldia nola antolatu edo nola egin zezaketen galdetuz. "Zabalari esan nion Xakarrok Berdura Plaza izan zuela lantokia bizitza guztian, eta polita litzatekeela ekitaldia han egitea. Ordea, esan nion ez nekiela ekitaldia han antolatzeko baimenak-eta lortuko ote genituen. Orduan, Bittor Larrañagarengana jo nuen, Berdura Plazako Bittor harategikoarenera. Bittor Xakarroren kuadrillakoa da, eta biek bizitza guztia igaro dute parez pare lanean. Hark jo zuen udaletxera eta udalak ez zuen eragozpenik jarri omenaldia antolatzeko", dio Larramendik.
Askotariko musika uzta izango da entzungai zapatuan Berdura Plazan, Xakarrok eguneroko bizilekua zuen saltokiaren aurrean. Larramendik azaldu du hasiera batean Josu Zabalak eta haren lagunek eskaini behar zutela soilik kontzertua, baina, azkenean, egitaraua zabaltzea erabaki dutela. Hori hala, Txalainak, Josu Zabala eta bere lagunak, CheckBoyz eta Hauek musika taldeak ariko dira zuzenean. Antolatzaileak azaldu duenez, gainera, Anje Duhalderen emanaldia antolatzen saiatu dira, hura ere gustukoa eta ezaguna baitzuen azkoitiarrak. Ordea, agenda kontuak tarteko, Duhalde ez da Azkoitian izango.
18:00etatik 22:00etara ariko dira musikariak banan-banan zuzenekoak eskaintzen, eta herritarrek doan izango dute sarrera. Berdura Plazako arkupeetan, gainera, edariak eskaintzeko barra jarriko dute.