Tokiko merkataritza txikia sustatzen segitzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Herrixenek

Andoni Elduaien 2025ko eka. 17a, 11:26

Eizmendi, Azkoitia eta Rodriguez, udaletxean. (Udala)

Alkateak eta Herrixeneko lehendakariak nahiz teknikariak sinatu dute akordioa. Merkataritza "dinamizatzeko" eta sektorea "sustatzeko, aktibatzeko zein indartzeko konpromisoa" berretsi dute bi aldeek.

Tokiko merkataritza txikiaren aldeko apustuarekin jarraitzeko asmoz, udalak eta Herrixen merkatari elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Ana Azkoitia alkateak, elkarteko lehendakaria den Larraitz Eizmendik eta elkarteko teknikari Sara Rodriguezek parte hartu dute hitzorduan.

Udalak azaldu duenez, "merkataritza dinamizatzeko eta sektorea sustatzeko, aktibatzeko zein indartzeko konpromisoa" dute bi aldeek. "Erronketako bat saltoki txikien lehiakortasuna areagotzea da, teknologia berrietara eta digitalizaziora egokituz. Ildo horretan, aurten aurrerapauso handia eman da Errekauek aplikazioa garatuz eta zerbitzua martxan jarriz", azaldu dute.

Hain justu, aurtengo martxoaz geroztik dago erabilgarri Errekauek zerbitzua. Horri esker, herritarrek Whatsapp aplikazioaren bidez egin ditzakete erosketak bai tokiko dendetan, bai azokako postuetan. Hain justu, erosketen eskaerak 688 81 87 77 zenbakiarekin harremanetan jarrita egin behar dira. Eskaera eginda, bezeroek erosketak etxean edota Berdura Plazako kontsignan jaso ditzakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide