Oraindik urrun, baina gero eta gertuago daude Andre Maria jaiak. Udalak antolatuta, Azkoitiko herriko festetan urtero egin ohi dute film laburren lehiaketa; aurten, hamahirugarrenez egingo dute, eta abuztuaren 15ean, ostiralez, izango da. Maiatzaren hasieran zehaztu zuten partaideek, epaimahaikideek eta udaleko ordezkariek aurten lehiaketan landu beharreko gaia: Eta gertatuko balitz, zer? gaitzat hartuta aurkeztu beharko dituzte taldeek lanak.
Izena emateko epea itxita, udalak azaldu du, guztira, zortzi taldek eman dutela izena lehiaketan. Parte hartuko duten taldeen kopurua "handia" da erakundearen esanetan, eta hori horrela, oinarrietan zenbait aldaketa egitea erabaki du. Batetik, lanak aurkezteko epea aurreratu du udalak, epaimahaiak aurkeztutako lanen inguruan "erabakiak hartzeko denbora gehiago" izan dezan. Hori horrela, izena eman duten zortzi talde horiek abuztuaren 6rako entregatu beharko dituzte lanak udaletxean.
Bestetik, lanen gehienezko iraupena hamabi minututik hamar minutura jaitsi du udalak, hala abuztuaren 15eko ekitaldia hamasei minutu murriztuz. "Taldeek hamar minutuko film laburrak aurkeztuta, film laburren ekitaldiaren iraupena 80 minutu ingurukoa izango da. Bestela, emanaldia 22:00etan hasita, eta aurkezpenak eta abar gehituta, 00:00etan amaitzen ere lanak izango genituzke", esan du erakundeak.