Atzo, ostiralarekin, hasi ziren Martirietan Pentekoste jaiak ospatzen. Trikipoteoa egin zuten afal aurretik hainbat lagunek, eta gero, bertso afaria izan zen, Julio Soto eta Amets Arzallus bertsolariekin. Gainera, bertso saioa bukatzean, trikitilariak aritu ziren goizaldeko ordu txikietara arte giroa alaitzen. Herritarrek baratxuri zopa janda oheratzeko parada izan zuten, gainera.
Bihar segituko dute festekin. 10:00etan meza nagusia egingo dute auzoko elizan, eta elizkizuna bukatzean, hamaiketakoa eskainiko dute elkartean. Gero, 12:00etan, Arraza Libreko III. Artzain Txakur Txapelketa jokatuko dute, eta 14:30ean, auzo bazkariaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Arratsaldean, ostera, umeentzako jolasak egingo dituzte plazan, eta haurrentzako meriendarekin bukatuko da egun osoko festa egitaraua.
Atzo bezalaxe, bihar ere Azkoititik Martirietara autobusez joateko eta handik autobusez itzultzeko aukera izango da. 11:00etan eta 16:30ean aterako dira autobusak San Martin kaleko geltokitik, eta Martirietatik 14:00etan eta 19:00etan itzuliko dira.
(Argazkiak: Andoni Elduaien)