Gari Uzkudun azpeitiarrak eta Amaia Azkoitia azkoitiarrak irabazi dute gaur, zapatua, Altzibar eta Plazaberri artean jokatu duten Erlojupeko Kilometroa proba. Hamazazpi korrikalarik parte hartu dute aurtengo erronkan, baina inork ez du lortu probaren orain arteko markak haustea.
Gizonetan, Uzkudunek 02.41.80 denboran egin du Altzibar eta Plazaberri arteko kilometroa; ia lau segundo gehiago behar izan ditu Unai Sarriegi azkoitiarrak –02.45.30– eta zazpi segundo eskas gehiago Julen Zialtzetak –02.48.12–.
Emakumeetan, bestalde, Azkoitiak 03.17.20 behar izan ditu Altzibar eta Plazaberri lotzeko. Estua izan da lehen posturako borroka; izan ere, bigarren sailkatu den Aiora Altunak hamasei ehuneneko beranduago sartu da helmugan – 03.17.36–. Hirugarren postuan, berriz, Yeira Ibarbia sailkatu da, – 03.22.16–. Nolanahi ere, opariak parte hartzaile guztiek jaso dituzte, herriko tabernetan erabiltzeko bonuak, hain zuzen.
Bingen Aranbarrirena eta Jone Zabaletarena dira probaren denborarik onenak, bienak ere iazkoak. Iaz, Aranbarri izan zen azkarrena, ibilbidea osatzen bi minutu eta 23 segundo igarota. Emakumeetan, berriz, Zabaletak bi minutu eta 54 segundoko denbora egin zuen. Aurten denbora horietatik urrun ibili dira parte hartzaileak.
Sailkapena
Gizonak:
- Gari Uzkudun (02.41.80)
- Unai Sarriegi (02.45.30)
- Julen Zialtzeta (02.48.12)
Emakumeak:
- Amaia Azkoitia (03.17.20)
- Aiora Altuna (03.17.36)
- Yeira Ibarbia (03.22.16)