Arrauna utzi du Jon Unanue 'Dukie'-k

Andoni Elduaien 2025ko mai. 22a, 10:53

Jon Unanue. (Andoni Elduaien)

Arraunean segitu edo ez garbi ez zuela eta, guztia ondo baloratu eta bizimodua lasaiago hartzea erabaki duela azaldu dio Unanuek Gukari. Azken hamabi urteetan, 73 bandera eskuratu ditu ligan, eta sei bider irabazi ditu Kontxako Bandera, Eusko Label Liga eta Euskadiko txapelketa.

Jon Unanue Dukie-k (Azkoitia, 1988) utzi egingo dio arraunlari profesionaletako bideari. Bermeoko (Bizkaia) Urdaibai arraun taldean ibilbide oparoa osatu du azkoitiarrak. Hamabi urte edo hamabi denboraldi egin ditu hark Bizkaiko herri horretako Bou Bizkaia ontziari tiraka; hamabi sasoi oparo, inondik inora. 2013. urtean hasi zen azkoitiarra Urdaibain, eta iazko udan izan zen azkenengoz talde horretako partaide.

Ibilbidea, gainera, mailarik gorenean itxi zuen Unanuek; izan ere, iazko denboraldian Kontxako Bandera eta Eusko Label liga irabazi zituen hark. Guztira, Eusko Label ligako 73 bandera irabazi ditu hark Urdaibai taldearekin. Lortutako bandera horiei esker, gainera, garaipen handiak eskuratu ditu Dukiek arraunlari ibilbidean: sei aldiz irabazi du Kontxako Bandera, sei aldiz Eusko Label liga, eta sei aldiz izan da Euskadiko txapeldun.

Arraunlariak iazko urrian eman zion hedabide honi azken elkarrizketa, eta orduan azaldu zuen arraunean segi edo ez "zalantza handiak" zituela, eta une hartan, behintzat, "ezezkoan" zegoela. "Ikusi beharko da, hitz egin eta pentsatu. Handia da buruan dudan karga, eta geratzeko une egokia izan daitekeela uste dut. Denborarekin aztertu eta erabakiko dut", esan zuen orduan.

Hilabete batzuk beranduago, argi hitz egin du arraunlariak, hartuta baitu erabakia. "Ez nuen garbi ikusten eta aurrera ez egitea erabaki dut. Atzera eginarazten zidan arraunean aritzeak zer suposatzen duen jakitek, berriro diziplina horretan sartzeak zer suposatzen duen jakiteak. Guztia ondo baloratuta, bizimodua lasaiago hartzea erabaki dut", esan dio Unanuek Gukari.

Iker Zabala Bermeo Urdaibaiko entrenatzaileak hiru urteren ondoren utzi egin du taldea, hura Orio zuzentzen hasi baita orain. Zabalaren lekukoa, berriz, Jon Salsamendik hartu du Bou Bizkaia ontzian. Beste etapa bat hasi da Bermeon, eta Unanue gabe izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide