Ostiralean Imuntzo eta Beloki trikitilariak erromeria grabatzekoak ziren Azkoitiko plazan, Oholtzan telebista saioan emititzeko, baina EITBk datorren hilaren 23ra atzeratu du emanaldia, ostiral honetarako euria dagoelako iragarrita.
Horrenbestez, bi astez atzeratu dute kontzertua, eta egun horretan, zaleek 21:30ean izango dute hitzordua, leku berean. Bi musikariekin batera, Sahatsa dantza taldea, Maider Ansa, Iraia Bereziartua eta Ein GO musika taldea ere izango dira oholtzan, eta ETB1eko izen bereko saioan ikusi ahal izango da gero. Hilaren 23 gauean plazara joaten direnek dantzarako "aukera paregabea" izango dutela aurreratu dute kontzertuaren antolatzaile diren komunikazio taldeak eta udalak.