Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak eta udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Udalak azaldu duenez, aurreko urteetako akordioari "jarraipena" eman eta alde bien "konpromisoa" berresten duen hitzarmena da sinatu dutena. Azkoitian euskararen aldeko proiektuak eta jarduerak gauzatu ahal izatea ere jaso dute hitzarmenean.
Euskararen erabilera indartzea du xede Maxixatzen elkarteak, euskal giroa berpiztuz eta euskaraz hainbat ekintza sustatuz. Ekintza horien artean, besteak beste, Udazkeneko erronka, Euskola hitzaldi zikloa, Orbel jokoak eta Euskal Hiriak Euskaraz egitasmoak antolatuko ditu urte honetan bertan. Gainera, egun elkarteak du Azkoitiko Euskara Mahaia koordinatzeko, dinamizatzeko eta hari jarraipena egiteko ardura, eta horren barruan, Azkoitira iritsi berriak direnentzako Kafe Mundialak egitasmoa landuko dute aurten, baita maiatzaren 15etik 25era egingo den Eukaraldiaren jarraipena ere; bereziki, egitasmo horietan jarriko ditu indarrak orain Maxixatzenek.
Jarduera horiek guztiak gauzatu ahal izateko, udalak 15.000 euroko diru laguntza emango dio aurten Maxixatzen Euskaldunon Elkarteari. Hain justu, gaur izenpetu dute hitzarmena alde biek. Ana Azkoitia alkatea eta Maxixatzen elkarteko Leire Lizarralde lehendakaria zein Oihana Sudupe dinamizatzailea bildu dira akordioa sinatzeko.