Salgai daude maiatzaren 24an ospatuko duten Trikiti Eguneko bazkarirako txartelak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 3a, 09:00

Iaz ere kalejira erraldoia egin zuten Trikiti Egunean. (Nerea Uranga)

Egunaren erdian herriko plazan egingo duten bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Zurt, Latz eta Dean tabernetan. 14 urtetik beherakoentzako eta adin horretatik gorakoentzako menu bana prestatu dute. Azken urteetako egitarauaren bidetik ospatuko dute aurten ere jaia.

Ate joka da aurtengo Trikiti Eguna. Maiatzaren 24an, larunbatez, laugarrenez ospatuko dute trikitiari hauspoa emateko xedez Trikigiro elkarteak udalarekin eta Um Blem Ble tabernarien elkartearekin antolatu duten jaia. 11:30etik 13:30era bitartean, trikitilariek eta pandero jotzaileek kalejirak egingo dituzte hainbat taldetan banatuta herrian zehar. Gero, baina, herriko plaza izango da festarako gunea, eta 13:30ean hasita, kalejira egingo dute plazara Julio Urkixo etorbidetik abiatuta. Plazara ailegatutakoan, gainera, argazki erraldoia aterako dute.

15:00etan hasita, bazkari herrikoia egingo dute herriko plazan. Bazkari horretan parte hartu nahi dutenek, ordea, dagoeneko salgai dauden txartelak erosi beharko dituzte. Hain justu, Trikigirokoek Zurt, Latz eta Dean tabernetan jarri dituzte salgai bazkarirako txartelak. 

Azken urteetan bezala, bi menu prestatuko dituzte bazkaltzeko: bat, 14 urtetik beherakoentzat (15 euro), eta bestea, adin horretatik gorako helduentzat (25 euro). Umeen menuan, iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako hanburgesak patatekin, izozkia, ogia eta edariak eskainiko dituzte. Aldiz, helduenean emango dituzte iberikoak, entsalada nahasia, parrilan erretako baserriko oilaskoa nahiz txerri saiheskiak, limoizko sorbetea cavarekin, izozkiak, ogia eta edariak. 

Bazkalostean egingo dute herriko plaza gauera arte argituko duen erromeria. Plazan oholtza bat jarriko dute irekitako mikroekin, eta hala nahi dutenek, bertara hurbildu eta nahi dituzten piezak jotzeko nahiz haien erritmora dantzatzeko aukera izango dute. 18:00etatik 22:00 inguru aldera arte aurreikusi dute erromeria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide