Dena prest 60. urteurreneko danbor festarako

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 25a, 12:45

Bihar 17:00etan hasiko da danborrada, herriko plazan. 280 bat umek parte hartuko dute hainbat berrikuntza izango dituen desfilean. Atzo egin zuten azken entsegua Gurea frontoian.

Umore Ona eta Tata elkarteek prest dute dena Azkoitiko haurren danborradaren 60. urteurrenerako. Atzo egin zuten azken entsegua Gurea pilotalekuan, eta han elkartu ziren bihar arratsaldean kalez kale ibiliko diren 280 bat protagonistetako gehienak.

60 urte beteko ditu aurten haurren danborradak –Umore Ona elkarteak bere sorrerako 25. urteurrenerako antolatu zuen lehen aldiz, 1965ean–, eta horri lotuta hainbat berrikuntza izango ditu festak: HH5etik DBH2ra arteko haurrek eta nerabeek ere parte hartu ahalko dute, iaz helduen danborradan estreinakoz jo zuten San Martin martxa joko dute haurrek ere, eta hamar mikelete batuko zaizkie ohiko gastadore txikiei, desfilea irekitzeko. Aurtengo karrozaren gaia Pilota eta Azkoitia izango da, eta horrekin lotuta eta aurtengo edizio bereziarekin bat eginez, pilotarien erraldoiak ere kalez kale ibiliko dira danborradarekin.

Gastadoreen eta mikeleteen atzetik desfilatuko dute danborak eta barrikak astinduz Umore-Onak, Zalduntxoek, Abarketariek, Pelotariek eta Sukaldariek, eta horien atzetik Lapitzeroa, paelleroak eta sukaldari txikiak joango dira, txorizoak lepotik behera dituztela.

Ordutegia eta ibilbidea

Bihar 16:30ean elkartuko dira danborradaren protagonista guztiak herriko plazan, eta handik abiatuko dute desfilea 17:00etan.

Kale Nagusian behera eta Plazaberri zeharkatuta Balda plazara iritsi, eta han egingo dute arratsaldeko lehen geldialdia, hainbat pieza jotzeko. Baldatik zubia zeharkatuta, Ibaiondo kaletik igaroko da danborrada, parrokia ataritik atzera Kale Nagusian gora plazaraino itzultzeko. Han, Azkoitia martxa jotzen duten bitartean, alkateak herriko bandera altxatuko du udaletxeko balkoi nagusian.

Baina festa ez da hor bukatuko. Plazako geldialdiaren ondoren, Umore Ona elkarte aurrean meriendatu, Aizkibel kaletik barrena Kale Nagusian sartu, eta handik Gurea pilotakura joango dira desfileko partaideak, danborrada han bukatzeko.

Euria egiten badu festak izango dituen aldaketak ere aurreratu dituzte antolatzaileek: danborradak ez du geldialdirik egingo ez Balda plazan, ez herriko plazan; ibilbidea zuzenean egin eta Gurea pilotalekura joango dira danbor-joleak, eta frontoian hainbat musika pieza joko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide