Aste Santuko ekintzetan parte hartzeko deia egin die Sustatuz elkarteak herritarrei

Andoni Elduaien 2025ko mar. 30a, 10:49

Iazko Ostiral Santuko prozesioa. (Ane Olaizola)

"Ondare aberatsa bizirik mantentzen laguntzera" deitu dituzte herritarrak. Sustatuz elkarteak horretarako egokitu dituen galdetegiak bete beharko dituzte Aste Santuko ekintzetan era batera edo bestera parte hartu nahi dutenek.

AEKASP-Sustatuz elkarteak Aste Santuko ekintzetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. "Elkarteak dei egiten die Azkoitiko herritar guztiei Aste Santuko prozesioetan parte hartzera. Gure ondare kulturala bizirik mantentzeko, beharrezkoa da komunitate osoaren inplikazioa. Bai irudiak eramateko orduan, bai antolakuntzan laguntzen edo ekitaldietan aktiboki parte hartzen. Herritar ororen ekarpena funtsezkoa da", adierazi dute.

Azkoitiko Aste Santua, mendeetan zehar iraun duen "kultur ondarea" da haientzat. "Bere prozesioek historia, artea eta espiritualtasuna uztartzen dituzte. Prozesioetako irudiak eta pausoak gure herriko kulturaren eta tradizioaren erakusgarri paregabeak dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu diren altxor historikoak mantentzea guztion ardura da". Herriaren historia eta tradizioak ezagutzeko eta bizitzeko "aukera paregabea" dela eta, aurtengo Aste Santuan parte hartzera eta "gure ondare aberatsa bizirik mantentzen laguntzera" deitu nahi dituzte herritarrak.

Parte hartu nahi duten helduek honako lotura honetan egokitu duten galdetegia bete beharko dute. Aldiz, haurren kasuan, honako beste galdetegi hau bete beharko da. "Herritik sortua, herriarentzat gordea. Gure historia eta kultura belaunaldi berriei transmitituko diegu. Animatu eta parte hartu", azaldu dute Sustatuz elkartekoek.

2023ko urtarrilean sortu zuten elkartea Errege Magoen kabalgata eta Aste Santuko ekitaldiak mantentzeko eta indartzeko asmoz; urte luzez norbanakoek eta talde txikiek egindako "lanari jarraipena eman eta indartzeko" asmoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide