Emakume idazleen plaza izango da Elkargunea gaurtik zapatura

Andoni Elduaien 2025ko mar. 27a, 19:11

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatu duen Geure Gelatik liburu azoka arratsaldean zabaldu dute. Gaur, bihar eta etzi zabalduko dituzte Elkarguneko Oteiza aretoaren ateak. Emakume idazleen liburuak eskuratzeko aukeraz izateaz gain, idazle horien solasaldiak, omenaldiak eta bestelakoak jarraitzeko aukera emango du azokak.

Zabaldu ditu ateak Geure Gelatik emakume idazleen liburu azokak. Gaur, osteguna, 17:00 puntuan zabaldu dute Elkarguneko Oteiza aretoa, eta zapatura bitartean, euskara hutsez emakumeek idatzitako liburuak eskuratzeko eta horien bueltako aurkezpenak bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute herritarrek. Azoka Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatu du Azkoitiko Udalaren Berdintasuna Sailaren laguntzarekin.

17:00etan jendearen joan-etorria tartekakoa izan bada ere, Uxue Alberdiren Hetero ipuin liburuaren aurkezpenerako hasi da aretoan mugimendua sumatzen; izan ere, literatur zale asko elkartu da 18:00etarako aretoan egokitutako aulkietan. Alberdiren solasaldia amaitu bezain laster hasi da, gainera, Amancay Gaztañagak gazteei idatzitako Martin Martina trilogiaren aurkezpena. Alberdi Iratxe Retolazak lagunduta aritu da solasean jendaurrean, eta Gaztañaga, Antsorregi azkoitiarrarekin.

Bihar, ostirala, bigarren eguna izango du azokak; 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute Elkarguneko aretoa. 18:00etan, Ione Zuloaga Aranzadiko ikerlari azkoitiarrak 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburua aurkeztuko du Irene Elorzak lagunduta. Ostera, 19:00etan hasiko da Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena lanaren aurkezpena. Gainera, Peru Galbete musikariarekin azalduko da Arrieta irakurleen aurrean; izan ere, solasaldi poetiko musikatua izango da haiena.

Zapatuan, berriz, goizetik bazkalordura arte egongo da irekita Elkargunea, 10:00etatik 14:00etara, hain zuzen. 11:00etan, Itsaso Martinek Puntobobo liburua aurkeztuko du Josune Herrartek lagunduta. Azokako une hunkigarriena, berriz, 12:30ean izango da, Maxixatzen elkarteak Miren Agur Meabe idazleak egindako ibilbidea aitortuko baitu, hari omenaldia eginda. Joan zen urtean Geure Gelatik azokan aitortza bera jaso zuen Jasone Osororen eskutik jasoko du Meabek herriko euskara elkartearen oroigarria. Azoka itxi aurretik, berriz, Bi minutu literatur lehiaketan iaz sarituak izan ziren idatziak irakurriko dituzte hainbat lagunek.

Maxixatzenek Lujan eta Amaitz Azkoitiko bi liburu-dendekin batera prestatu du azoka, eta, aurreko urteetan bezala, elkarteak bonuak jarri ditu eskuragarri herritarrek Geure Gelatik azokan bertan liburuak erosteko aukera izan dezaten. Hori hala, bonu bakoitza bost eurotan ari dira saltzen, eta hala, erosleek hamar euro izango dituzte gastatzeko.

Hona hemen Geure Gelatik azokak bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, izango duen egitaraua:

  • Martxoak 28, ostirala.
    • 17:00. Azokaren irekiera.
    • 18:00. Ione Zuloagaren 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua liburuaren aurkezpena, Irene Elorzak lagunduta.
    • 19:00. Yolanda Arrietaren Etxe bat norberarena liburuan oinarritutako solasaldi poetiko musikatua, Peru Galbeterekin batera.
    • 20:00. Azokaren itxiera.

  • Martxoak 29, larunbata. 
    • 10:00. Azokaren irekiera
    • 11:00. Itsaso Martinen Puntobobo liburuaren aurkezpena, Josune Herrartek lagunduta.

    • 12:30. Miren Agur Meaberi omenaldia.

    • Ondoren. 2024ko Bi minutu lehiaketan sarituak izan ziren idatzien irakurketa

    • 14:00. Azokaren itxiera.

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta Maxixatzen elkartea)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide