Azkoitia Lantzenentzako 1,4 milioi euroko diru sail baten inguruko ika-mikak zipriztindu du martxoko udalbatzarra

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 27a, 14:14

Azkoitia Baik aurtengo lehendabiziko kreditu gehigarriaren kontra bozkatu du, beste hainbat proiekturen artean Azkoitia Lantzenentzako "bi partida potolo" aurreikusten zituelako. Zubiaurre Elkargunearen eta udalaren iazko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman du Azkoitiak. 

Udalak martxoko ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, eta 2025eko aurrekontuei lehenengo kreditu gehigarria egiteko proposamenak eztabaida sortu zuen. Aurrera atera zen, ordea, Udal Gobernuaren proposamena, eta EH Bildu abstentzioarekin eta Azkoitia Bairen kontrako botoekin, 1,8 milioi euro udalaren gerakinetatik hartzea onartu zuen udalbatzak.

Ana Azkoitia alkateak azaldu zituen 1.820.000 euroko aldaketa egiteko proposamenaren nondik norakoak, zein diru sail handitu eta zein berri sortu nahi dituzten: Euskara Sustatzeko Ekintza Planera 4.000 euro datorren ikasturtean Gure Bertsotan egitasmoa LH5ean ere emateko; 10.000 euro memoria historikoaren lanketara; 10.000 euro Intsausti jauregiaren kontserbaziorako; 10:000 euro Gurea pilotalekuaren mantentze lanetarako; 7.000 euro katuen koloniak zaintzeko; beste 16.000 euro Herrixen elkartearentzat, Errekauek zerbitzua finantzatzeko; 6.000 euro informatika ekipoetarako; 20.000 euroko diru saila sortzea hilerriko errausteka labeari estalpea egiteko; 87.000 euro Altamira parean, argindar lineak lurperatzeko; 300.000 euro aurten aurrekontu parte hartzaileen harira herritarrek eskatzen dituzten proiektuak gauzatzeko; eta bi ekarpen Azkoitia Lantzeni egiteko: bata 550.000 eurokoa, Altamira parean egiten ari diren bialaren ostean egin beharreko urbanizazio lanak finantzatzeko, eta bestea 850.000 eurokoa, eremu horretan Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak egin behar zituen lan batzuk egiteko dirua aurreratzeko, gero Jaurlaritzak itzultzekotan.

Ezezkoaren arrazoiak

Azkoitiak azalpenak bukatu ostean, Azkoitia Bai plataformaren zinegotzi Joxe Joakin Etxanizek hartu zuen iritzia plazaratzeko. Partida gehienekin ados zeudela, baina Azkoitia Lantzenentzako "bi potoloekin" ezetz adierazi zuen. "2008. urtearen bueltan hartutako erabakiekin aurrera jarraitzen duzue etenik gabe, harrezkero herrian sortu diren arazo berriak alde batera utziz, urte haietan hartutako erabakietan gastatuz herriko diru gehienak", hasi zen. Hasieran gauza bat eta orain bestea esatea egotzi zion alkateari, datak ez datozela bat. "Dena denbora kontua da, obra behar den bezala egiteko ez dago horma berri horren beharrik, baina Muno eta Jaurlaritza ez direlako koordinatzen, azkoitiarrok 850.000 euro aurreratuko ditugu".

Etxanizek paradoxikotzat jo zuen Jaurlaritzak lanak pentsatutako datetan hasi ezina, alegia "burokrazia eta tramite arazoak dituena administrazio publikoa" izatea.

Azkoitia Lantzenen bidez Jaurlaritzari utziko diru hori utziz gero herrian beste edozein ekimenetarako faltako dutela nabarmendu zuen Azkoitia Baiko kideak; Alde Zaharrerako, esaterako. "Baina operazio honen ondoren ez dakigu Azkoitia Lantzenek noiz bueltatuko dizkigun eta noiz izango dugun diru kopuru hori berriro erabilgarri. Datorren urtean ordainduko baligute, ez genuke erabilgarri izango 2027ko martxoaren aurretik". Diru hori nola erabiliko den herritarrei garbi azaltzea garrantzitsu jo zuen.

Horrez gain, eta "beste askotan bezala, gaurkoan ere", desadostasun handienak Azkoitia Lantzeneko kontuekin dituztela adierazi zuen. "Gainera, ez zaigu ondo iruditzen aurreko udalbatzarrean denon artean onartutako aurrekontu parte hartzaileen partida Azkoitia Lantzeneko kontuekin batera onartu behar izana, gu aurretik aurka agertuko garela jakinda", zuzendu zitzaion Azkoitiari.

EH Bilduko zinegotzi Asier Altunak hartu zuen jarraian hitza, eta abstenitu egingo zirela adierazi zuen, puntu gehienekin ados egon arren, Azkoitia Lantzeni lotutakoan desadostasun dituztelako. "Hartuta dauzkagun konpromisoak betetakoan, behin Txalonerrekakoa bukatutakoan, hausnarketarako gai izan behar luke Azkoitia Lantzenek".

Konpromiso falta

Ana Azkoitiak hartutako konpromisoak betetzen bakarrik ari direla esan zuen, eta Azkoitia Bairi aurpegiratu Azkoitia Lantzenen dagokion kargua ere hartu ez izana, hori dagozkien ardurak ez betetzea dela eta. 2008an beste batzuek hartu zituzten konpromisoei erantzuten ari direla esan zuen, horiei ez erantzuteak ondorio okerragoak izan ditzakeela iradokita. "Udalean kargua hartzen dugunean, martxan doan tren batera igotzen gara, eta aurretik hartutako erabakiei eta konpromisoei ere erantzun egin behar zaie; hori da Azkoitia Lantzenekin gertatzen zaiguna".

Alkateak Etxanizi leporatu zion herritarrei "mezu alarmista eta ez eraikitzailea" igortzea, udalera diru eske doazenean gastatzekorik ez dela egongo esanda. "Orain diru hor jartzeak ez du esan nahi ematera iritsiko garenik", zehaztu zuen. Behin lizitazioa martxan jarritakoan gauza guztiak argituko direla esan zuen. "Ekainean Jaurlaritzarekin hitzarmen bat egiteko asmoa dago, eta hitzarmen horretan kopuruak-eta zehazten badira, guk 850.000 euroak eman beharrik ere ez dugu izango. Momentu honetan udalaren kontutik ez dira 850.000 euro irtengo; egiten duguna da partida jarri Azkoitia Lantzenek lizitazioa egiteko aukera izan dezan, eta diru hori jartzeak Azkoitiko Udala ez du uzten gerakinik gabe beste proiektu batzuetarako".

Alkateak Etxanizi esan zion politika negoziazioa dela, eta gauza guztiak ezin direla beti norbere gustura egin. "Baina zuena ez da jarrera egokia. Azkoitia Lantzen aitzakia bezala jarrita kontra bozkatzen baduzue, kreditu aldaketaren beste puntu guztiei ere ezetz esaten ari zarete, eta dirurik gabe uzten beste proiektuak. Gutxienez abstenituz gero, EH Bilduk egingo duen moduan, ados ez zaudetela agerian geldituko da eta saiatu gintezke zerbait egiten". Azkoitia Lantzenen bukaera berak ere ikusi nahiko lukeela gaineratu, baina horretarako aurrena hartutako konpromisoak bete egin behar direla. "Hausnartu mesedez, zinegotziak zarete eta ardurak dituzue eta".

Etxanizek erantzun zion beraiek jarritako trena dela martxan doana, eta jaisteko asmorik ez edukitzea egotzi zion alkateari. "Beste partida denak batera bozkatu behar izanak Sanchezen Omnibus dekretua dakarkigu gogora, baina guk ez ditugu marra goriak gaindituko".

Etxebizitzaren gaiak asko kezkatzen dituela ere esan zuen, eta horren adierazgarri dela azkenaldian beste hainbat herritan martxan jarri dituzten neurriak beraiek aspaldi proposatu izana. Bukatzeko, Etxanizek berriz ere uko egin zion Azkoitia Lantzenen parte hartzeari, eta Azkoitiari eskua luzatu zion handik kanpo herria antolatzen laguntzeko.

Kontraesana

Altunak gogorarazi zuen kreditu gehigarriari ezezkoa ematea aurrekontu parte hartzaileetara bideratutako gehigarria atzera botatzea dela, eta kontraesana iruditzen zaiola, aurrez udalbatzar baten babesa adierazi eta gero. "Horrelako gauzak zaintzea komeni dela iruditzen zait".

Atzera berriz Azkoitiak hartu zuen hitza, arrazoia eman zion Etxanizi bi alderdien ereduak bat ez datozen kontuan. "Gu tokatu zaizkigun konpromisoak betetzen ari gara, oker handiagoak sortu ez daitezen. Zer gertatuko litzateke Azkoitia Lantzenen inork konpromisorik hartuko ez balu? Herriarentzat askoz okerragoa izango zen, baina zortea daukazue zuek, zuek ez hartuta ere beste batzuk ahaleginak egiten ari garelako".

Jarraian kreditua aldatzeko proposamenaren inguruko bozketa egin zuten, eta iragarrita bezala, EH Bildu abstenitu egin zen, Azkoitia Baik kontra bozkatu zuen, eta EAJk alde. Beraz, onartuta gelditu zen. 1,8 milioi euro horiek gerakinetatik hartuko ditu udalak.

Aurrekontuak likidatuta

Hurrengo puntuan, Azkoitiko Udalaren eta Zubiaurre Elkargunearen iazko aurrekontuen likidazioaren inguruko informazioa eman zuen alkateak, 1,3 milioi euroko aurrekontua izan duela, gastuen %75 onartuak izan direla, eta %83 ere bai. Emaitza 143.000 eurokoa izan dela zehaztu zuen, beharrezko kreditu txertaketak eta abar eginda, 275.000 euroko gerakina duela Elkarguneak.

Udalaren iazko aurrekontu, berriz, azkenean 24 milioi euroka izan zela adierazi zuen alkateak; eta gastuen %70 eta sarreren %76 onartuak izan direla. Horrekin, iazko emaitza 2,3 milioi eurotan gelditu dela zehaztu zuen Alkateak. 11,5 milioi euroko gerakinari kobrantza zalantzagarrizko saldoa –816.000 euro– eta gehiegizko finantzaketa gastuei dagokien beste milioi bat pasatxo kenduta, eta tokatzen ziren kreditu txertaketak eta abar eginda, udalak gastu orokorretarako diruzaintzan duen gerakina 6,4 milioi eurokoa dela adierazi zuen, edo hobeto esanda, kopuru hori 1.820.000 euro, atzo onartutako kreditu gehigarria tarteko.

Laugarren eta bosgarren puntuek ez zuten ezer eman, eta bere horretan, bukatutzat eman zuten martxoko ohiko udalbatzarra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide