Kirol jardueretarako diru laguntza deialdia ireki du udalak. Kirol talde eta kluben "beharretara egokitzeko" asmoz, aldaketa batzuk txertatuta zabaldu du erakundeak aurtengo diru laguntzak eskatzeko epea. Besteak beste, laguntza lerroak "gehitu" eta epeak "doitu" ditu udalak.
Irabazi asmorik gabeko Azkoitiko kirol taldeek edota elkarteek izango dute diru laguntza eskatzeko aukera. Aurtengo urtean edota martxan dagoen 2024-25 denboraldian ohiko egitasmoak eta jarduerak egin edo antolatu ahal izateko eskatu beharko da erakundearen laguntza. Diru laguntza eskatzeko azken eguna apirilaren 24a izango da horientzat.
Diru laguntza jasotzeko aukera izango dute, halaber, irabazi asmorik gabeko kirol elkarteek eta norbanakoek, kirol jarduera, ekitaldi edo txapelketa konkretu bat Azkoitian bertan egitea antolatzea aurreikusten dutenek edota nagusiki azkoitiarrei zuzendutakoa den ekitaldiren bat antolatzen dutenek. Dena den, aurtengo deialdian lerro berri bat gehitu dute. Aurrerantzean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mugetatik kanpoko ezohiko txapelketetan parte hartzea egokitzen zaien herriko kirol elkarteek diru laguntza eskaera egin ahalko dute. Azken bi deialdi horietarako eskaera egiteko epea luzeagoa da: kasu horietan urriaren 31n itxiko du udalak epea.
Udalak bere webgunean jarri du ikusgai diru laguntza horiei buruzko informazio guztia, 'Kirol jarduerei diru laguntzak' izena duen atalean.