Los aitas eta Finnick, un monstruo en cada casa filmak eskainiko dituzte datorren asteburuan Baztartxo antzokian. Helduei zuzendutako Los aitas filma hirutan emango dute: larunbatean eta igandean 19:30ean, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan.
80ko hamarkadaren amaieran, Bilboko langileen periferian girotzen da filma hori. Gimnasia erritmikoko haur talde batek txapelketa batean parte hartzeko aukera du Berlinen. Amek ezin die alabei hara lagundu, eta azkenean, aitek egingo dute bidaia hori.
Bestalde, umeek Finnick, un monstruo en cada casa ikusteko aukera izango dute igandean, 17:00etan. Animaziozko film horrek Finns izeneko izaki iletsuen istorioa kontatzen du; Finnick Finn gaztearena, hain zuzen ere. Etxea zaindu beharrean, bizilagunei txantxak egiten igarotzen du denbora. Etxera familia berri bat iristen denean, ordea, Finnicken trikimailuek ez dute inolako eraginik izango.