Joseba Beristainen musika banda du 'Kantauri' dokumentalak

Ane Olaizola 2025ko mar. 25a, 10:23

Beristain —ezkerretik hirugarrena— eta taldekideak, atzo, 'Kantauri' dokumentalaren estreinaldian. (GFA)

Kantauri itsasoko biodibertsitatea erakusten duen izen bereko dokumentala estreinatu zuten atzo Gnat Zineman. Beristainen jatorrizko musikak girotzen du dokumentala.

Gnat Zinema Gipuzkoako natura eta ingurumen zinemaren erakusketaren irekieran aurkeztu zuten atzo Kantauri dokumentala, eta Joseba Beristainek musikatutako azken lana. 

Xabier Minak eta Isaias Cruzek zuzendutako dokumentalak Kantauri itsasoko biodibertsitatea eta haren aberastasuna azaleratzen ditu, kalitate handiko itsaspeko irudien eta narratiba poetikoaren bidez. Beristainen jatorrizko musikak girotzen du dokumentala, eta hark ez ezik, Bratislavako orkestrak zein koruak eta Zea Mayseko abeslari Aiora Renteriak ere parte hartu dute musikaren alorrean. 

Atzo estreinatu zuten dokumentala Kursaalean, eta ondoren, hitzaldia eskaini zuten lanaren sortzaileek, tartean Beristainek. Besteak beste, filmazio-prozesuari, ur sakonetan grabatzeko erronkei eta zinemaren bidez ingurumen-sentsibilizazioaren garrantziari buruzko xehetasunak eman zituzten artistek.

Gnat Zinema, berriz, martxoaren 28ra bitartean egingo dute, eta Donostia eta Tolosan hainbat dokumental eskainiko dituzte, "gizateriaren eta ingurunearen arteko harremanari buruzko hausnarketa" egitera gonbidatzen dituztenak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide