Merkataritza bonuen kanpaina prestatu dute Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak beste urte batez, eta herritarrek gaurtik dute horiek erosteko aukera. Gaur, Internetez jarri dituzte salgai bonuak, udalaren azkoitia.eus webgunean. Ostiraletik aurrera, berriz, presentzialki erosi ahal izango dira, Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Antolatzaileek 666 bonu jarri dituzte salgai guztira; 200 Internetez erosi ahal izango dira, eta gainontzeko 466ak, aurrez aurre. Ohi bezala, herritarrek %50eko deskontua izango dute txartelak erabiltzerakoan: hau da, bonu bakoitzak 30 euroko prezioa du, eta gastatzerakoan, 60 euroko balioa izango du. Maiatzaren 25era arte gastatu ahal izango dira bonuak.
Bonu bakoitzak 10 euroko balioa duen sei txartel izango ditu, koloreka banatuta, trukatu ahal izango diren establezimenduak bereizteko. Izan ere, antolatzaileen asmoa da laguntza "establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea". Txartel laranja, berriz, bost euroko bi zatitan banatuta egongo da, herritarrei "erabilera erraztearren".
Txartelak, kolorearen arabera, honako toki hauetan trukatu ahal izango dira:
- Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta dendak eta edari dendak.
- Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki dendak eta baserrietako produktuak (azoka).
- Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
- Urdina: ile-apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin-denda, drogeria eta belar-dendak.
- Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper-dendak, bidaiak, aholkularitzak, gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia, etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak, autoeskola, aseguru-etxeak eta argazki-dendak.
- Horia: orokorra. Establezimendu guztietan erabili ahal izango da.