Kantatze saioak eta herri ingurua ezagutzeko irteera antolatu ditu Plaza Ondo elkarteak

Andoni Elduaien 2025ko ots. 11a, 08:51

Jubilatuak mendi irteera batean. (Plaza Ondo)

Azkoitiko jubilatuen elkarteak datorren astelehenean hasiko ditu kantatze saioak, elkartearen egoitzan. Asteartean, berriz, irteera egingo dute Azkoitia eta Zumarraga arteko bidegorrian zehar. Elkarteak martxoaren 8an egingo du aurtengo ohiko batzar orokorra.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak kantatze saioak eta herri ingurua ezagutzeko irteera antolatu ditu datorren asterako. Astelehenean, hilak 17, abesten trebatzeko saio praktikoa egingo dute Plaza Ondoren egoitzan, 17:00etan hasita. Elkarteak adierazi duenez, "kantatuz gozatzea" eta partaideen artean "harremanak sendotzea" dira helburuak. Edonork izango du saioan parte hartzeko aukera; "Kantatzeko gogoa bakarrik behar da, animatu probatzera", azaldu dute.

Bestalde, hilaren 18an, asteartez, herri ingurua ezagutzeko beste irteera bat egingo du jubilatuen elkarteak. Oraingoan, Azkoitia eta Zumarraga artean egingo dute ibilaldia. Hain justu, Azkoititik Zumarragara doan autobusa hartuko dute 09:15ean, eta handik herrira oinez itzuliko dira bidegorritik.

Martxoaren 8an, batzarra

Urteko batzar orokorra egiteko hitzordua ere zehaztuta du Plaza Ondok. Martxoaren 8an, larunbatez, egingo dute bilera Elkarguneko Oteiza aretoan. Urtero bezala, bi deialdi zehaztu dituzte: aurreneko bilkura 10:30ean izango da, eta bigarrena, 11:30ean. 

Askotariko gaiak izango dituzte hizpide batzarrean, hala nola 2024ko batzarreko akta onartzea, iazko ekintzak azaltzea eta onartzea, iazko diru kontuak aztertzea eta horiek onartzea, 2025eko ekintza planaren berri ematea eta onartzea, aurtengo aurrekontua aztertzea eta onartzea, eta azkenik, 2025eko kuota zehaztea. Elkarteko bazkideek galderak eta erreguak egiteko tartea izango dute amaieran, eta ohiturari jarraituz, opariak banatuko dituzte bukaeran parte hartzaileen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide