Lagunartean kaletik nenbilela, abstrakzioaren eremuan kokatzen den arte erakusketa baten harira, oso hedaturik dauden adierazpenak egin ziren: "Gaur egungo artea ez dago ulertzerik" bezalakoak alegia. Sarri entzuten dira ere, "Hori ume batek egin dezake" esaterako, "Ez du abileziarik erakusten" beste batzuetan, edota "Figuratiboa bai ederra!" modukoak. Baina, galdera bat planteatzera garamatza horrek: zergatik ez ditugu aintzat hartzen arte garaikidearen ekarpenak, eta ba al ditugu ulertzeko nahiz interpretatzeko beharrezko baliabideak?
Egunean ikusten ditugun irudi kopuruan pentsa dezagun; estatistikek diote, gaur egun pertsona batek egunean irudi gehiago kontsumitzen dituela, orain dela mende bateko batek bere bizitza osoan baino. Beraz, ukaezina da informazio uholdea bizi dugula, baina, zoritxarrez, desinformazioa gehiegitan gailentzen da. Izan ere, zer motatako irudiek eramaten gaituzte scroll amaiezinak egitera? Zein portaera da gure arreta mantentzeko algoritmoek kontutan hartzen dutena? Garbi dago adikizioaren mekanismoa martxan jartzen dutela, eta ikusten dugun horrek gugan eragin zuzena duela. Pentsatu ume batengan. Zinez argia da irudiekiko gaitasun kritikoa lantzeko beharra.
Arte garaikidea interpretatzea zaila egiten zaigu sarritan; ordea, lehen begirada baten hura ez ulertzeak ez dio baliorik kentzen. Alderantziz, hausnarketarako eta esploraziorako aukera eskaintzen digu. Arteak gizartearen isla izan nahi du; beraz, irudikapenetik haratago, ikuslearen hausnarketa kritikoa lantzeko baliabideak proposatzen ditu, hala nola kontzeptu eta ideia konplexuak. Zer behar da, ordea, irakurketa ongi egiteko? Lengoaia ikasteko jarrera izan beharko genuke lehenik, ezta?
Testuak ulertzeko, irakurtzen ikasten dugu; musika ulertzeko, hizkuntza musikala barneratzen (nork ulertu bestela ahalegin berezia eskatzen duten jazza eta opera adibidez?). Zer gertatzen da, baina, alfabetizazio bisualarekin edo ikusitakoaren aurrean zalantzak sortzeko edota galderak egiteko gaitasunarekin? Nola identifikatu Fake-ak? Arte garaikideak bere kodeak-eta ulertzeko gakoak ditu, begirada arina ez da nahikoa; sakontasunak eta testuinguruak laguntzen dute hura ulertzen eta bere balioa aitortzen.
"Hori ume batek egingo luke" esanaz arte garaikidearen sinpletasuna kritikatzen dugunean, askotan, ez dugu jarrera egokia izaten lan horien atzean egon daitekeen sakontasuna ulertzeko. Elementu sinple baten itxurazko arintasunak ez du esan nahi hura hutsala denik. Garrantzizkoena ez da ikusten dena bakarrik, baita testuingurua, prozesua, proposamenaren koherentzia eta sormenaren inguruko erabakiak ere. Bestalde, arte figuratiboa egitean erakusten den abilezia teknikoa ez da balio bakarra gaur egun.
Beraz, ez al dago norbanako bakoitzaren esku zer jarrerarekin hurbiltzen garen arte garaikidearen hizkuntza ulertzera eta ikastera? Begirada kritikoa lantzeko tresna baliotsua da, eta errealitatearen begirada ezberdin bat eskaintzen digu. Eta zergatik ez, lantzean behin, soilik irudiek beraiek iradokitzen digutenarekin gozatu?