Eneko Garatek Wisconsinera joateko nazioarteko ikerketa lehiaketa irabazi du

Nerea Uranga 2024ko abe. 7a, 17:52

Eneko Garate azkoitiarra. (Utzitakoa)

Promega enpresaren nazioarteko ikerketa lehiaketa irabazi du,eta enpresa horren egoitzara joango da bere tesi proiektua aurkeztera. Gaur egun minbiziaren aurkako immunoterapia arloko doktoretza tesia egiten ari da azkoitiarra.

Eneko Garatek (Azkoitia, 1998) zientzialari eta ikerlariak Promega enpresaren Wisconsineko (Ameriketako Estatu Batuak) egoitzan ikerketa egin ahal izateko lehiaketa irabazi du. Promega enpresak antolatutako nazioarteko ikertzaileentzako lehiaketa batean Espainiako Estatuko bost finalistetako bat zen azkoitiarra, eta irabazi egin du. Horrek aukera emango dio Garateri Promegaren Wisconsineko egoitzan bere tesi proiektua aurkezteko, ikerketa eta garapen departamentua ezagutzeko eta lantaldean aritzeko. Azkoitiarrarekin batera, nazioarteko beste bederatzi zientzialari hauek izan dira lehiaketa irabazi dutenak: Elahe Minaei (Australia), Gabriel Kaufmann (Austria), Yanti de Visser (Belgika), Beatriz Farias (Brasil), Ashwini Kedari (Finlandia), Julien Barthelemy (Frantzia), Federica Trenta (Italia), Louisa Charlotte Dury (Suitza) eta Maureen Kelly (AEB).

Azkoitiar zientzialariarentzako garrantzitsua izan da lehiaketa hau irabaztea, eta haren hautagaitzaren aldeko botoa eman duten guztiei "eskerrak" eman dizkie.

Garatek Biokimika eta Biologia Molekularra gradua ikasi zuen Katalunian, eta segidan Ikerkuntza Biomedikoko masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitatean. Duela hiru urte, Cima ikerkuntza zentroan minbiziaren aurkako immunoterapiako arloan doktoretza hasi zuen eta bukatzear da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide