Binakako Txapelketako partidak jokatuko dituzte urtarrilaren 2an Azkoitian

Andoni Elduaien 2024ko abe. 4a, 10:53

Unai Laso izango da eguneko protagonistetako bat. (Baiko)

Profesionalen eskuz binakako pilota partidak izango dira 2025aren bigarren egunean, Azkoitiko Gurea frontoian. Besteak beste, Unai Laso eta Joseba Ezkurdia izango dira eguneko protagonista nagusiak. Sarrerak salgai daude Interneten.

Eskuz Binakako Pilota Txapelketak Azkoitian egingo du geldialdia urtarrilaren 2an, ostegunez. 17:00etan hasita, txapelketako zazpigarren jardunaldiko bi pilota partida ikusteko aukera izango dute pilota zaleek herriko Gurea pilotalekuan.

Jaialdiko partida nagusian, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta ariko dira batetik, eta bestetik, Unai Laso —Lau eta Erdiko txapelduna— eta Martxel Iztueta. Dena den, aurretik, promozio mailako partida bat ere izango da: Asier Agirrek eta Gorka Ugartemendiak, Dario Gomez eta Arkaitz Gabirondo izango dituzte aurkari.

Sarrerak, salgai

Urtarrilaren 2ko pilota jaialdirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Internetez erosi nahi dituztenek, Entradas Fronton atarian eskuratu ahalko dituzte horiek. Kantxako sarrerak 35 euroan eros daitezke, eta goiko harmailakoak nahiz errebotekoak, 20 euroan. Honako lotura honetan eskuratu daitezke sarrerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide