Gazteriak etzi itxiko du begirale lan poltsarako izen-ematea

Andoni Elduaien 2024ko aza. 20a, 11:28

Haurrak puzgarrietarako ilara egiten, iaz. (Iraia Oteiza)

Gabon parkean eta datorren urteko Praka Motxakin udalekuetan begirale lanak egiteko lan poltsa du zabalik Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak. Etzi amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea. Bestalde, 2025eko Gazte Astea iragartzeko kartel lehiaketa ere abian dute.

Azkoitiko Gazteria sailak etzi, hilak 22, itxiko du begirale lan poltsarako izen-ematea. Abendu amaieran zabalduko duten Gabon parkean eta datorren urteko uztailean egingo duten Praka Motxakin udalekuetan begirale lanetan aritzeko lan poltsa du irekita Gazteria sailak.

Lan poltsa horretan sartzeko, ezinbesteko baldintzak dira euskaraz hitz egitea, 18 urte beteta izatea, esperientzia ziurtatzen duen curriculuma ziurtagiriekin zein kontaktuekin entregatzea eta sexu delituen aurkako ziurtagiria aurkeztea. Dena den, balio berezia emango diete bestelako kontu batzuei ere; hain justu, kontuan hartuko dituzte Azkoitian bizi izatea, aisialdi mailako ikasketak izatea edo begirale zein koordinatzaile tituluak izatea, Hezkuntza arloko ikasketak eginda izatea, haurrekin aisialdi programetan esperientzia izatea eta EGA edo baliokidea den titulu bat aurkeztea.

Izena Azkoitiko Gazteria sailaren egoitzan eman daiteke ostiralera bitartean, 16:30etik 20:00etara. Gainera, Gazteria sailak jakinarazi du puntuazio bera duten hautagaien arteko berdinketak lan esperientzia kontutan hartuta hautsiko dituztela.

Kartel lehiaketa, abian

Bestalde, 24. Gazte Astearen Kartel Lehiaketa ere abian du Gazteria sailak. 2025eko urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dituzte Gazte Asteari lotutako ekintzak. Kartela eskuz edota plataforma digitalak erabilita egin ahalko dute nerabeek; izan ere, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoek (DBH1-DBH4 mailetako ikasleak) parte hartu ahal izango dute soilik lehiaketan.

Gazte Astea gaitzat hartuta, lanak aurkezteko hilaren 28ra arteko epea eman dute; Gazte Zerbitzu Bulegoan entregatu beharko dira kartelak. Lanek bertikalak izan beharko dute eta zuri-beltzean edo koloretan egin ahalko dira; horiek USB batean edo paperean aurkezteko aukera eman dute.

Udaleko Gazteria saileko teknikariak eta Gazte Zerbitzu Bulegoko arduradunak osatuko dute lehiaketako epaimahaia. Eskuzko kartelik onenak 80 euroko erosketa bonua irabaziko du, eta sari bera jasoko du plataforma digitalak erabilita ondutako lanik onenak ere. Nolanahi ere, kartel bat aukeratuko dute datorren urteko Gazte Astea iragartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide