Egungo "kaosaren" jatorriaz eta norabideez hitz egin dute Zelaiak eta Sarasuak

Andoni Elduaien 2024ko aza. 20a, 08:35

Herritarrak solaskideen azalpenak entzuten. (Azkoitiko Parrokia)

Azkoitiko Parrokiak antolatutako hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean Adrian Zelaiak eta Jon Sarasuak, Elkargunean. Herritar ugari elkartu zen bi hizlarien esanak entzuteko.

Adrian Zelaia eta Jon Sarasua Azkoitian izan ziren atzo, asteartea. Bi lagun horiek Anabasak, bidegurutzeak eta norabideak izeneko hitzaldia eskaini zuten Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, Azkoitiko Parrokiak antolatuta. Ekonomia aplikatutako irakaslea nahiz Ekai Group taldeko kidea da Zelaia, eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea da Sarasua.

Gizarte mailako egungo erronkez hitz egin zuten bi solaskideek, eta herritar ugari bildu zen haien aurrean bien esanak entzuteko. Nerea Machado Azkoitiko Parrokiako ordezkariak aurkeztu zituen Zelaia eta Sarasua, eta hark esan zuen Azkoitiko Parrokia egungo gaiak "herrira ekarri nahian" ari dela. "Jendearentzat baliagarriak izan daitezkeen kontuak modu erakargarri batean eskaintzen saiatzen ari gara", azaldu zuen Machadok.

Hainbat gako eman eta gero, eguneko protagonistei eman zien hitza Parrokiako ordezkariak. Gizarteak bizi duen anabasaren barruan, zer bide nahiz bidegurutze dauden eta horiek zer norabide har dezaketen azaldu zuten Zelaiak eta Sarasuak; Besteak beste, kaosaren jatorria aurkitzen saiatu ziren, baita egungo munduaz nahiz etorkizunekoaz hausnartzeko oinarrien bila ere. Zelaia eta Sarasua ordu laurdeneko hainbat txandatan banatuta aritu ziren azalpenak ematen.

Machado, Zelaia eta Sarasua aurkezten. (Azkoitiko Parrokia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide