Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu du bi etxebizitzatan lapurreta egitea egotzita

Andoni Elduaien 2024ko aza. 13a, 12:59

Ertzaintzaren ibilgailua. (Artxiboa)

Atzo atxilotu zuten 29 urteko gizona, arratsalde erdian Bizenta Mogel kaleko bi etxebizitzatan indarrez lapurreta egitea egotzita. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hiru lapurrak ihes egiten hasi ziren, eta horietako batek ibaira salto egin zuen. Salto egin zuen lapurra da atxilotutakoa; beste biak identifikatzeko ikerketa zabalik du Ertzaintzak.

Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, asteartea, Azkoitiko bi etxebizitzatan indarrez lapurreta egitea egotzita. Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, 18:30ak jo baino lehenago herriko emakume batek Ertzaintzari jakinarazi zion bere etxe barruan ezezagun bat aurkitu zuela eta ustez bitxiak zituen kutxa bat eskuetan hartuta ihes egin zuela.

Lapurretak Bizenta Mogel kalean egin zituzten. Ertzaintzak adierazi du, gainera, lapurrak ez zirela etxebizitza batera bakarrik sartu, eraikin bereko beste bizilagun baten etxera ere sartu ziren lapurreta egitera. Ertzaintzak baieztatu du ustezko gaizkileak etxe horietara patiotik sartu zirela, leihoak hautsita.

Bi lapurrek lortu zuten autoan sartu eta ihes egitea. Ertzaintzaren arabera, herrian patruilatzen zebilen Polizia ibilgailu bat hurbildu zen lapurreten gunera, eta orduan, lapurren ibilgailua ikusi zuten "abiadura handian" ihes egiten. Ertzaintzak autoa gelditzeko agindu zien, baina barruan zihoazen bi bidaiariek ihes egitea lortu zuten autotik jaitsi eta ibilgailua "kale erdian" utzita.

Zenbait lekukoren bidez hedabide honek jakin du hirugarren lapurrak –Ertzaintzak gerora atxilotu zuenak–, ibaira Santa Klara parean egin zuela salto. Poliziak jakinarazi du ibaian "sastraka artean ezkutatu nahian" zebilela aurkitu zutela hura. Susmagarria identifikatu eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin zuen Ertzaintzak, etxebizitzetan indarra erabiliz lapurtzea egotzita.

Azkoitiko ertzain etxera eraman zuten atxilotua, beharrezko eginbideak egiteko, eta, ondoren, epailearen esku jartzeko. Gaur-gaurkoz, Ertzaintzak ez ditu ihes egitea lortu zuten bi lagunak atxilotu. Adierazi duenez, baina, horiek identifikatu ahal izateko ikerketa "zabalik" dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide