Mugikortasun jasangarriaren gaia landuko dute Eskolako Agenda 2030 programaren barruan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 12a, 11:35

Maiatzean egin zuten udaletxean eskolen arteko foroa. (Udala)

Bi lan urtetan banatuko dute eskoletan mugikortasun jasangarriaren lanketa. Aurten, lanketa teorikoa egingo dute, datorren urterako esku-hartze plana garatzeko. 2025-2026 ikasturtean, berriz, ekintzetarako proposamenak partekatuko dituzte eskolen arteko foroan. Udalak gogoratu du erakundea Mugikortasun Jasangarriaren plan berria egiten ari dela.

Abian dute ikasleek herriko eskoletan Eskolako Agenda 2030 programa. Aurten, mugikortasun jasangarria landuko dute ikasleek. Azkoitiko ikastetxeetako irakasle koordinatzaileek urrian izan zuten aurreneko hartu emana landuko duten helburu berriarekin: GJH 11, Hiri eta Komunitate Jasangarriak.

Aurtengo eta datorren urteko ikasturteetan landuko dute mugikortasun jasangarriaren gaia. Lehen lan urtean, ikastetxeetako eta herriko diagnostikoak egingo dituzte ikasleek, norberaren zein herriko egoeraren irudi argi bat izateko. Diagnostiko horren harira, hobekuntza helburu batzuk identifikatu eta lehentasunak markatuko dituzte.

Bigarren lan urterako esku-hartze plana egiteko abiapuntua izango da, beraz, aurtengo ikasturtean egingo dutena: teoriatik praktikara egingo dute jauzia bigarren urtean. Maiatzean, eskolen arteko foroan egingo dute, eta orduan ikasleek ekintzetarako proposamen desberdinak jarriko dituzte mahai gainean. Proposamen horien artean, diagnostikatutako arazoei aurre egiteko lehentasunak zerrendatuko dituzte.

Udalak azaldu du Eskolako Agenda 2023erako aurten aukeratu duten gaia "primeran" datorrela; izan ere, udala herriko Mugikortasun Jasangarriaren plan berria egiteko lehenengo urratsak ari da egiten. "Herriko diagnostikoa egiteko garaian, ikasleen ikuspegia kontuan izatea garrantzitsua da. Aldi berean, familiak parte hartzera animatuko dituzte eskolek, beren iritziak partekatuz eta Mugikortasun Plan berria egiteko ardura duen enpresak herritarrei zuzendutako inkestak betez", azaldu du udalak. Erakundeak adierazi duenez, mugikortasun jasangarriaren lanketan udala eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak "bidelagun" izango dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide