Haurren eskubideen inguruko hitzaldia eskainiko du Juan Martin Perezek

Ane Olaizola 2024ko urr. 15a, 10:08

Juan Martin Perez.

Haurren eskubideen defendatzaileak ostegunean eskainiko du solasaldia Elkargunean, 17:30ean hasita.

Haurren eskubideen inguruko hitzaldia antolatu du Azkoitiko Udaleko Gaztea eta Prebentzio sailak, ikastetxeekin lankidetzan garatzen ari den Tratu On programaren barruan. Juan Martin Perez giza eskubideen eta bereziki haurren eskubideen defendatzaileak eskainiko du saioa ostegunean, 17:30ean, Elkargunean.

Mexikoko Haurren Eskubideen Aldeko Sarearen zuzendari exekutiboa da Perez, eta hark Haurren eskubideak, legegintza-aurrerapenak eta Herritartasun Digitala izenpean eskainiko du hitzaldia; hain zuzen, haurrak zein nerabeak babesteko politikak, Tratu On egitasmoaren plana nahiz eskubideak izango ditu hizpide hark. Gurasoei, haur eta nerabeen arretara bideratutako profesionalei eta hezkuntza arloko eragileei zuzenduta dago saioa.

Ikasketaz psikologoa da Perez, eta hainbat artikulu akademiko idatzi izan ditu. Antolatzaileen arabera, arlo horretan "erreferentea" da Amerikan zein Europan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide