Iñigo Zubizarreta (Azkoitia, 1963) Bilboko Udaleko zinegotzi akta hartu du gaur, astelehena. Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun saila kudeatuko du hark indarrean dagoen agintaldian. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendu du Zubizarreta jeltzalea zinegotzi izendatu duten ezohiko osoko bilkura.
Xabier Otxandianoren lekua hartuko du orain azkoitiarrak; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuorde izendatu zuten hura udan. Bilboko Udalak erakundea berregituratu behar izan du Iñigo Zubizarretak politika sozialen arloko ardurak har ditzan; izan ere, azkoitiarra Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna da. Hain justu, aurreko agintaldian ere zinegotzi kargu bera izan zuen azkoitiarrak.
Indarrean den agintaldian orain arte zinegotzi kargurik ez bazuen ere, azaldu du ez dela udaletxetik aldendu. "Gertatzen ari zenarekin oso lotuta egon naiz. Taldea ezagutzen dut, oso jende inplikatua da, eta atsegin handia da horrelako pertsonekin lan egin ahal izatea", adierazi du jeltzale azkoitiarrak.