Sant Feliu de Llobregateko gotzain izendatu dute Xabier Gomez

Ane Olaizola 2024ko urr. 8a, 16:36

Xabier Gomez. (Dominicos Hispania)

Egun, Madrilgo Tomas Akinokoa komentuko priorea eta Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendaria da azkoitiarra. Azaroaren 30ean hartuko du hark kargu berria Kataluniako udalerri horretan.

Aita Santuak Sant Feliu de Llobregateko (Katalunia) gotzain izendatu du gaur Xabier Gomez (Azkoitia, 1970). Egun, Madrilgo Tomas Akinokoa komentuko priorea eta Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendaria da azkoitiarra. Datorren azaroaren 30ean hartuko du hark kargua udalerri horretan.

Donostiako Elizbarrutiak 1994an izendatu zuen Gomez apaiz, eta domingotarrekin ekin zion nobiziotza Salamancan (Espainia). Hain zuzen, gaur publiko egin duten izendapena "gertaera esanguratsua" da Espainiako Predikarien Ordenaren arabera, azken 60 urteetan lehen aldia baita fraide domingotar batek Espainiako elizbarruti batean apezpikutza bere gain hartzen duela.

Teologian lizentziatua, Familia Orientazioko edo Bitartekaritzako Masterra du egina, eta Kulturarteko Gizarte Bitartekaritzan espezializatu zen Madrilgo Unibertsitatean. Elgoibarko (Gipuzkoa) Parrokiako bikarioa izan zen 1994tik 1997ra artean, eta Eskoriatzako (Gipuzkoa) Pastoral Barrutiko parrokoa eta koordinatzailea, 1997tik 2003ra artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide