Herritar taldetxo bat Jausoro alboan egiten ari diren aisialdirako gune berdea garbitzera joan ginen atzo, astelehena; ondoren, gainera, 11 urteko zazpi neskatila batu zitzaizkigun. Hamar zabor poltsa eraman genituen hara, eta ia ez ziren nahikoa izan, sasi azpian urteetan pilatuta egon den zabor guztia bistaratu baita belardietako sasia moztu eta gero: poto edo lata ugari eta izkina batean baita hutsik zeuden hamabost bat diru-zorro ere.
Garbiketa egin genuen, baina galdera bat gelditu zitzaigun erantzun gabe: eta orain zer? Nork zainduko du eremu hau? Zoritxarrez, eremua zaindu beharra egongo dela uste dugu han bildu ginenok. Botiloiak egin ondoren, denbora gutxi barru, berriro zaborrez beteta egongo al da gune hori?
Jausoroko eremu horren helburuetako bat da, klima aldaketa medio, udako bero sapak ekiditeko herritarrentzat toki fresko bat eraikitzea. Zakarrontziak badaude eremu horretan, baina beteta baldin badaude, zabor edukiontzietara bota zaborra guk egin genuen bezala, ez daude-eta urruti.
Zaindu dezagun gure herria, bertan bizi behar dugu eta. Bultzatu ditzagun bizikidetza, auzolana eta parte hartzea.