Team Rocket taldeak irabazi du III. Beltzen Torneoa

Intza Trula 2024ko uzt. 20a, 13:00

Gaur goizean jokatu dute neurketa Elkarguneko kantxan, eta Team Rocket taldea 5-0 gailendu zaio Kakaolat Bisnes FC taldeari. Final handiaren aurretik, zaleen taldeen finalak jokatu dituzte: Poteo Team izan da txapelduna.

Tta-kun areto futbol taldeak antolatuta, kirola eta festa uztartzen dituen III. Beltzen Eguna ospatzen ari dira gaur Azkoitian, eta urtero legez, areto futbol txapelketarekin hasi dute festa eguna. Txapelketaren jarraitzaileez gainezka zegoen Elkarguneko kantxan jokatu dituzte neurketak; lehenengo, zaleen taldeen finalak jokatu dituzte, eta jarraian izan da final handia.

10:00etan, finalaren atariko, jokatu dituzte zaleen taldeen 2 vs 2 neurketak Magic Team, Inter Mitente, La Pioneta eta Poteo Team taldeek. Giro paregabea sortu da hasieratik zaleen eta futbolarien artean, eta azkenean, Poteo Teamek eskuratu du garaipena.

Jarraian, 11:00etan, III. Beltzen Torneoko finalari ekin diote txapelketako bi talde onenek: Team Rocket eta Kakaolat Bisnes FC taldeek, hain zuzen. Team Rocket taldeak bost gol sartu ditu aurkariaren atean, eta Kakaolat Bisnes FC taldeak ez du golik egitea lortu. Markagailua bost eta huts zela iritsi da finala amaierara, eta, beraz, Team Rocket taldeak altxatu du III. Beltzen Torneoko garaikurra.

Arratsaldean, gehiago

III. Beltzen Eguna iluntzera arte luzatuko da. Eguerdian, triki poteoa eta bazkaria izango dituzte, eta arratsaldean DJ zein elektrotxaranga saioez gozatu ahal izango da Azkoitiko kaleetan.

Honakoa da datozen orduetarako egitaraua:

  • Eguerdian, trikipoteoa, herriko kaleetan.
  • 14:30. Bazkaria, Berdura Plazan.
  • Bazkalostean, txapelketako sari banaketa Plazaberrin.
  • Segidan, Kanpax DJak girotuko du gunea.
  • 18:30etik 21:30 ingurura arte. Sakatu elektrotxaranga, herriko kaleetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide