Euskal Herriko Gazte Orkestrak Azkoitia bisitatuko du bere udako biran

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 13a, 09:30

Uztailaren 19an, ostirala, orkestra gazteak kontzertua eskainiko du Baztartxo antzokian, 20:00etan hasita. Emanaldi "berezia" eskainiko du, Seohyun Kim biolin jotzaile korearraren parte hartzearekin eta Iban Garate aktore eta aurkezle azkoitiarraren narrazioarekin. Kontzerturako sarrera doakoa izango da.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) hainbat emanaldi eskainiko ditu bere udako biraren barruan, tartean Azkoitian. Uztailaren 19an, ostirala, izango du hitzordua taldeak Baztartxo antzokian, 20:00etan. Herritar ororentzat sarrera doakoa izango da.

Seohyun Kim biolin jotzaile korearraren parte hartzea izango da kontzertuaren berezitasun erakargarrienetako bat. Nazioarteko Tibor Varga Biolin Lehiaketaren azken edizioa irabazi du Kimek; halaber, Gilbert Varga orkestra zuzendariak (Tibor Vargaren semea eta 10 urtez Euskadiko Orkestraren zuzendari izandakoa) utzitako biolina erabiltzen du bere emanaldietan. 15 urte baino ez dituen arren, Tchaikovskyren biolinerako kontzertu exijenteetako bat interpretatuko du Kimek, orkestraren iritziz, "instrumentu honetarako historian idatzi den kontzertu hoberenetako bat". Obra hori aurreneko aldiz interpretatuko du orkestrak.

Programa Erakusketa bateko koadroa obrak osatuko du. Mussorgky konpositoreak pianorako konposatu zuen obra hori hasiera batean, bere lagun mina zen margolari baten erakusketa bateko pinturei omenaldia egiteko. Hainbat urte geroago, baina, Maurice Ravel konpositoreak orkestrazioa erantsi zion, obra egun ezagutzen den musikalitatez jantziz.

Euskal orkestra gazteak obra horren bertsio berritzaile bat eskainiko du, Iban Garate aktore eta aurkezle azkoitiarraren narrazioaz lagunduta. EGOren arabera, "Garateren ahotsak publikoa gidatuko du paseo musikal horretan, obra osatzen duten margolanek pizten dituzten sentsazioak hitzetara ekarriz". 

Tchaikovskyren Biolinerako Kontzertua eta Mussorgky-Ravelen Erakusketa bateko koadroa obrek osatuko dute EGOren Azkoitiko kontzertua, Ruben Gimeno orkestra zuzendariaren gidaritzapean. Gainerako kontzertuak Hondarribian, Donostian, Bilbon eta Gasteizen eskainiko ditu EGOk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide