Xabi Orozek Zunder Palencian jokatuko du datorren denboraldian

Andoni Elduaien 2024ko eka. 21a, 13:51

Xabi Oroz, Gipuzkoa Basketekin Palentzian jokatutako neurketa batean. (Gipuzkoa Basket)

Espainiako Urrezko LEB Ligan jokatuko du saskibaloi jokalari azkoitiarrak datorren denboraldian. Zortzi denboraldi eman ditu Orozek Gipuzkoa Basketen, baina "gauza berriak probatzeko gogoa" zuela adierazi zuen hark asteazkenean, eta gaur baieztatu du Palentziako saskibaloi taldeak azkoitiarraren fitxaketa.

Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrak Zunder Palencian jokatuko du datorren denboraldian. ACB mailatik jaitsi berri den taldearekin egin du hitzarmena azkoitiarrak. Asteartean jakinarazi zuen Guuk Gipuzkoa Basketek Orozek ez zuela taldean jarraituko, eta hark asteazkenean eman zuen bere agurreko prentsaurrekoa Jose Luis Zubizarreta Xubi kirol arduradunarekin batera. Bada, duela minutu gutxi iragarri du Zunder Palenciak datorren denboraldian Oroz taldekide izango dutela.

Xabi Orozek bere ibilbideko denboraldirik onena sinatu berri du Donostian zenbakiei dagokienez, behintzat. Azkoitiarrak, batez beste, 7,3 puntu, 4,3 errebote eta 4,6 asistentzia lortu ditu amaitu berri den denboraldian. Ekarpen handia egin dio Orozek taldeari, eta une garrantzitsuetan protagonista izan da; besteak beste, gogoangarrienen artean dago Tizonaren aurkako play-offetako laugarren neurketan lehia amaitzeko txirrinarekin batera Orozek kanporaketako bosgarren partida behartzeko hiruko saskiratzea lortu zuen unea.

Zortzi denboraldi Donostian

Orozek Azkoiti-Azpeitiko ISBn eman zituen bere saskibaloi ibilbideko lehen urratsak, eta han erakutsitako errendimenduari esker, 18 urterekin ACBn debuta egitera iritsi zen Gipuzkoa Basketen eskutik. Harrezkero, Urrezko LEB Ligan eta Endesa Ligan jokatu du Gipuzkoa Basketekin, baina 2018-2019 denboraldiaren erdian, otsailean, CB Granada taldera joan zen utzita. Gipuzkoa Basketek denboraldi hartan bertan galdu zuen ACBn zuen maila, eta Urrezko LEB Ligan jokatzeko, Donostiako taldera itzuli zen Oroz.

Pandemia tarteko, baina, berriz ere mailaz igotzea lortu zuen taldeak, baina guztia ez zen poza izan; Orozek belauneko lesio larria izan zuen denboraldia amaitu aurretik, UCAM Murciaren aurka Donostiako Illunben jokatutako partidan. Urte hartan, gainera, maila galdu zuen Gipuzkoa Basketek. Dena den, 2021eko abuztuan urtebeteko kontratua sinatu zuen Orozek Donostian jarraitzeko, eta 2022ko ekainean, beste bi urtez berritu zuen akordioa, aurten arte.

Kontratua amaituta, eta Gipuzkoa Basketen zortzi denboraldi igaro ondoren, saskibaloi jokalari azkoitiarrak beste abentura baten aldeko apustua egitea erabaki du, etxetik urrun eta Zunder Palencia jomuga hartuta. Hain justu, iaz igo zen Endesa Ligara estreinakoz Palentziako taldea, baina aurten azkenak izanda, berriro itzuli dira Urrezko LEB Ligara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide