Xabi Orozek ez du Gipuzkoa Basketen jarraituko

Iraia Oteiza 2024ko eka. 19a, 15:30

Xabi Oroz, Gipuzkoa Basketekin jokatutako azken partidaren ostean. (Gipuzkoa Basket)

Sakibaloi jokalari azkoitiarrak agur esan dio zortzi denboraldian bere taldea izan denari, eta prentsaurreko bat baliatu du klubari eta zaleei eskerrak emateko.

Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrak ez du Gipuzkoa Basketen jokatuko datorren denboraldian. Lehen taldean zortzi denboraldian jokatu ondoren, taldearen kapitain izan denak kontratua ez berritzea erabaki du.

Klubak atzo ezagutarazi zuen Orozen erabakia, eta azkoitiarrak hedabideen aurrean hitz egin du gaur Jose Luis Zubizarreta Xubi GBCko kirol zuzendaria alboan zuela. Bere ibilbideko "unerik onenean" dagoela adierazi du Orozek prentsaurrekoan, eta kluba uztea erabaki "zaila" izan den arren, "gauza berriak probatzeko gogoz" dagoela gaineratu du hark. Era berean, gutun bat irakurriz, klubari eta zaleei eskerrak eman dizkie. Datorren denboraldirako asmoez galdetuta, berriz, "oraindik ezer erabaki gabe" duela adierazi du.

Ansorregi, Espainiako selekzioarekin

Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra, aldiz, 22 urtez azpiko Espainiako selekzioak deitu du Melilla Hiria Txapelketa jokatzeko. Espainia, Alemania, Txekiar Errepublika eta Estatu Batuak lehiatuko dira Melillan, eta astelehenaz geroztik jokalariek entrenamenduekin dihardute han. Igandetik aurrera jokatuko dituzte elkarren aurkako partidak, Javier Imbroda Ortiz kantxan. Igandeko partidan Espainiak Txekiar Errepublika izango du aurkari; astelehenean, Estatu Batuak; eta asteartean, Alemania. Partida guztiak 20:15ean hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide