Ibon Beitiak eta Xabier Lizarraldek hirugarren egin dute VI. Goilurrak Rallyan

Iraia Oteiza 2024ko eka. 16a, 10:00

Atzo, larunbata, jokatu zuten Errebueltie Eskudeixek eta Ikullu Racing taldeek antolatutako auto lasterketa Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa) artean. Zortzi erlojupeko jokatu behar izan zituzten probako auto gidariek, horietatik lau Azkoitiko lurretan.

Azkoitia izan da VI. Goilurrak Rallyaren erdigunea, autoen aurkezpenak bertan egiteaz gain, lasterketa ere herrian hasi eta amaitu baitzen atzo. 60 gidarik parte hartu zuten auto lasterketan, eta zortzi erlojupeko jokatu behar izan zituzten, horietatik lau Azkoitiko lurretan.

Rallyko partaideen artean herriko hainbat gidari ere izan ziren, eta Ibon Beitiak hirugarren postua lortu zuen Xabier Lizarralde kopilotu zuela. BMW 328i E30 autoarekin atera ziren biak, eta 01:18:54 denbora eginda bukatu zuten lasterketa. Rallyko txapeldunak Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Renault Clio Williams) izan ziren, 01:16:49 denborarekin. Bigarrenak, berriz, Iñaki Narbaiza eta Egoitz Mujika (Peugeot 208 Rallye 4), 01:17:39 denbora osatuta.

Egoitz Lizarraldek eta Joseba Gonzalezek (Peugeot 206 XS) hamalaugarren postua lortu zuten, 01:25:33 denbora eginda. Hamabosgarren postuan bukatu zuten rallya, berriz, Ander Odriozolak eta Ion Albizurik (BMW 325 I), 01:26:03 denboran. Aldiz, Iraitz Olariagak eta Josu Odriozolak, Mikel Aizpuruk eta Maitane Oiartzabalek, eta Xabat Egurzak eta Mikel Odriozolak ezin izan zuten lasterketa amaitu, ibilbidean zehar izan zituzten matxuren ondorioz.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide