Gogotsu ari dira ospatzen Jubilatuen Eguna Elosuan

Intza Trula 2024ko eka. 2a, 17:45

Atzo hasi zituzten Otaba jaiak Elosuan, eta gaur Jubilatuen Eguna ospatzen ari dira. Eguerdi partean pilota partidak, meza eta bazkaria izan dituzte auzotarrek, eta, arratsaldean, berriz, artzai txakur erakustaldia.

Jai giroa da nagusi egunotan Elosuan, Otaba jaiak ari baitira ospatzen atzotik bertan. Gaur, hain justu, Jubilatuen Eguna da, eta auzotar ugari bildu da eguerdirako zein arratsalderako antolatutako ekintzez gozatzeko.

Hala, pilota partidekin hasi dute eguna, 12:00etan, eta ondoren meza izan dute San Andres elizan. Ospakizunekin jarraitzeko, Elurmendi elkarteko goiko zein beheko solairuak bete dituzte, eta trikitiaren eta panderoaren doinuek girotuta bazkaldu dute. Arratsaldean, artzai txakur erakustaldia eskaini dute lau artzaik eta haien txakurrek.

Bihar agurtuko dituzte Otaba jaiak Elosuan, Otaba Txiki Egunarekin. Festei amaiera borobil bat emateko asmoz hamaiketakoa, erromeria eta auzo bazkaria antolatu dituzte.

Ondorengoa da biharko egitaraua:

Bihar, Otaba Txiki Eguna

  • 13:00etan. Piskolabitx. Ondoren, erromeria.
  • 15:00etan. auzo bazkaria. Ondoren, erromeria.
  • 18:00etan. jaien amaiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide