Oroimenaren Nazioarteko Egunean, ekitaldiak egingo dituzte Azkoitian eta Zarautzen

Ane Olaizola 2023ko azaroaren 9a

Oroimenaren Egunean iaz Zarautzen egindako elkarretaratzea.

Zarautzen eta Azkoitian elkarretaratze bana egingo dute bihar eguerdian, eta igandean, ekitaldi nagusia egingo dute Arrosategi parkean. 

Oroimenaren Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta Azkoitian zein Zarautzen bat egingo dute egun seinalatuarekin. Hori hala, hainbat ekitaldi egingo dituzte biktimak gogorarazteko.

Azkoitian zein Zarautzen elkarretaratze bana egingo dute bihar eguerdian: Azkoitian, bost minutuko elkarretaratze isila egingo du Azkoitiko Udalak "herriko biktima guztien memorian". Intsausti jauregiaren aurrean dagoen Oroimenean eskulturaren parean elkartuko dira udal ordezkariak 12:00etan, eta bertan egingo dute kontzentrazioa. Ondoren, loreak utziko dituzte eskulturaren parean. Udalak ekitaldian parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

Zarautzen ere elkarretaratzea deitu du udalak, 12:00etan, Lege Zaharren enparantzan; udalbatzako zinegotzi guztiak daude bertaratzera gonbidatuta. Horrez gain, urteroko ohiturari jarraituz, ekitaldi nagusia igande eguerdian egingo dute, 12:00etan hasita, Arrosategi parkean. Bertan, udal taldeetako ordezkariek hitzartze laburra egingo dute, eta biktimen omenezko isilunearen ondoren, landare eskaintza eginez amaituko dute ekitaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide