Sasoi berria hasi du Pasira egitasmoak gaur, ostegunez. Udako etenaldiaren ostean, asteroko martxari ekin diote zenbait herritarrek, eta ohiko moduan, ibilaldia egin dute Azkoitian barrena, berriketan, horixe baita Pasiraren helburua: "Herritarren artean sedentarismoa saihestea eta osasun komunitarioa hobetzen laguntzea".
Azkoitiko Udalak sustatuta, Osasun Publikoak, Mugimentek, Mugi Azkoitiak, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak, Azkoitia Lagunkoiak, Gurutze Gorriak, Caritasek eta Izarraitz Lanbide Heziketak parte hartzen dute egitasmoan. Hain zuzen, azken ikastetxe horretan Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arreta gradua egiten ari diren begiraleek lagunduta egin ohi dute ostegunero paseoa. 10:00etan elkartzen dira Aizkibel liburutegiaren ondoan, eta kideen profilera egokitutako ibilbidea egiten dute oinez.
Udalak azpimarratu duenez, egitasmoaren asmoa da pertsonen ongizate fisikoan eta psikologikoan laguntzea. "Aldian-aldian, paseatzeaz gain, bestelako ekintzekin ere gozatzen dute, herriko toki interesgarriren bat bisitatuz edota kafea hartuz". Antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte egitasmoa probatzera.