Euskaldunen aurkako epaiketa bidegabeak salatzeko agerraldia egingo du Maxixatzen elkarteak hilaren 27an

Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2023ko uztailaren 18a

Uemak epaia saltzeko egin zuen agerraldiko irudia.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duen epaia dela eta, Maxixatzenek agerraldia egingo du uztailaren 27an, 19:00etan, plazan.

Azken boladan ugaritu egin dira euskaldunen aurkako epai bidegabeak, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak azaldu duenez, eta horren erakusle da duela gutxi Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duena. Maxixatzenek behin eta berriro salatu izan ditu horrelako epaiak, eta herriko elkarteekin eta norbanakoekin erantzun bateratua emateko garaia dela uste du. Horregatik, maiatzaren 27an, osteguna, 19:00etan jarri du hitzordua, plazan.

Maxixatzenek dei egin die herriko taldeei, elkarteei eta eragilei bidaliko dieten manifestuarekin bat egiteko, eta norbanakoei herriko plazan egingo duten agerraldira agertzeko. "Datak agian ez dira onenak, baina egoera jasanezina bihurtu da eta ezin dugu irailera arte itxaron. Kanta ezagun batek dioen bezala, 'ez dira betiko garai onenak', estatuek indarraren arrazoia erabiltzen dute, eta euskaldunoi dagokigu arrazoiaren indarrarekin erantzutea", azaldu dute Maxixatzeneko kideek.

Manifestuaren testua jaso ez duten taldeak Maxixatzenekin jar daitezke harremanetan testua eskuratzeko, maxixatzen@maxixatzen.eus edo @maxixatzensarea helbide elektronikora idatzita ala 675 85 71 11 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide