Dena prest dute Azkoitian larunbateko umeen danborradarako

Mailo Oiarzabal 2023ko apirilaren 13a

Iazko umeen danborrada, Plazaberrin barrena. (Mailo Oiarzabal)

240 haurrek hartuko dute parte festan, danbor-jotzaileen bost taldetan, gastadoreen eta sukaldari txikien segizioan, eta karrozan. 17:30ean hasiko da danborrada, Gurea pilotalekutik abiatuta.

240 haur irtengo dira kalera etzi arratsaldean, Azkoitiko umeen danborrada egiteko. 17:00etan elkartuko dira guztiak Gurea pilotalekuan eta handik abiatuko da desfilea 17:30ean. Aurten ere bost taldetan banatuta astinduko dituzte danborrak eta barrikak; danbor-jotzaileekin batera, sukaldari txikiek, gastadoreek eta karrozak osatuko dute kaleko festa.

Ibilbideari dagokionez, Gureatik Balda plazara joango da danborrada. Baldan geldialdia egin eta pieza batzuk jo ondoren, iritsitako bidetik itzuli eta herriko plazan egingo dute bigarren geldialdia. Banderadunak udaletxeko balkoian direla, Azkoitiko danborradaren pieza guztiak joko dituzte danbor-jotzaileek plazan, eta Gureara itzuliko dira jarraian, festa bukatzeko.

Umore Ona elkarteak, Tata Danborrada Taldeak eta Azkoitiko Udalak "munduko ilusio guztiarekin" antolatu dute zapatuko festa. Hala ere, eguraldiaren iragarpena adi jarraitu beharko dute, beste behin. Eguraldi txarrak danborrada "baldintzatu" eta "azken orduko aldaketak" egon daitezkeela ohartarazi dute, izan ere, antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide