Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) sinadura bilketari ekin dio Azkoitian "gaztetxe baten ezinbestekotasuna" azpimarratzeko. Taldeak azaldu du gaiaren sozializazioari "bidea" eman diotela, gaztetxearen beharra zergatik eta nondik jaiotzen den azaltzeko. Asanbladaren esanetan, "pausoak falta" zaizkie emateko oraindik, eta bide horretan "jende gehiagorengana iritsi" nahi dute. "Babesa eskuratzeko prozesu bat jarriko dugu martxan hurrengo asteetan. Jendearekin lan egingo dugu prozesua jende gehiagorengana sozializatuz; proiektua geroz eta jende gehiagok bere egingo duen norabidean jardungo dugu". Horren bueltan abiatu du asanbladak sinadura bilketa.
Proiektua asanbladak abiatu duen arren, taldeak azaldu du herriko beste hainbat eragilek zein norbanakok "azpiegitura horren erabilera beharrezkoa eta ezinbestekoa" dutela. "Herrian ez dago masa espazio erreferenterik, proiektu politiko zein sozial anitzen sorburu izan denik edo gaur egun izan daitekeenik. Herrian nabarmena da erakunde publikoetatik kanpo zerbait antolatzeko edo modu interesatuan jardun politiko bat aurrera eramateko dagoen azpiegitura falta. Hori ikusgarri egiteko ere abiatu dugu prozesua", adierazi du asanbladak.
Gaur gaurkoz, taldea "azterketa batean murgilduta" dago, herrian espazio edo toki desberdinen potentzialitatea aztertzen ari baita. "Gaztetxeak izan behar dituen ezaugarriak bideragarriak zein espaziotan izango diren ikusten ari da asanblada". Balizko gaztetxeak hainbat ezaugarri bete beharko lituzkeela uste dute. Batetik, kokapenaren aldetik "herriaren bihotzean edo herrigunean egotea" eskatu dute, "herriari irismena ahalik eta eskuragarrien" jartzeko. Era berean, azpiegitura hori 150 edo 200 metro koadro ingurukoa izatea galdegin dute. "Bere barnean eskaintza desberdinak aurrera eman ahal izateko espazio desberdinak egotea ahalbidetu behar du guneak", nabarmendu dute. Halaber, azpiegitura "irisgarria" izatea edo gutxienez "horretarako baldintzak jartzea posible" izango duen egoitza eskatu dute. Bestalde, espazio horrek komuna eta kozinatzeko egokia izan daitekeen gunea izatea nahi dute. "Horiek ahalbidetzea ekarriko duten beharrezko materialak edo instalazio teknikoak posible izatea eskatzen dugu, besteak beste, hoditeria eta instalazio elektrikoa".
AGAk uste du "herriari aberasgarria" izango zaiola halako gune bat martxan jartzea. "Bere erabilera publikoak eta anitzak eskaintza zein proposamen desberdinak ekarriko ditu". Dena den, adierazi dute jakitun direla proiektuak aurrera egiteko, bidea herriko "eragile desberdinen artean" egin beharko dutela, eta horretarako hasi dute sinadura bilketa.