Azkoitiko Gazte Asanbladak herrian propaganda zein kultur jarduna gauzatzeko "udalak jarritako oztopoak" salatu ditu ohar bidez. Azkoitian gaztetxearen beharra dagoela nabarmendu dute haiek. "Azken hilabeteotan gure helburu nagusienetarikoa den hori eskuratzera begira ibili gara lanean. Hasieratik genekien bidea ez zela erraza izango, eta herrian lan politikoa egitea ezinbestekoa izango zela. Ordutik, esku artean genuena kaleetan lurreratzen aritu gara, horretarako propaganda bide ohikoak erabiliz, izan pankarten, kartelen eta jendearen ahoz ahoko lanaren bidez", azaldu dute.
Dena den, bide horretan "oztopo ugari" izan dituztela azpimarratu nahi izan dute gazte asanbladako kideek, eta joan den otsailaren 11n asanbladak antolatutako egitarauaren harira, "udalaren eta Udaltzaingoaren aldetik jasandako gertakariak" salatu dituzte. "Asanbladako hainbat kideri, propaganda egitaraua antolatutako tokira soilik mugatzeko, edo bestela, herrian zehar egon zitekeen propaganda segituan kentzeaz gain, identifikatuak izateko mehatxua egin zieten".
Horrez gain, herrian propaganda egiteko eta kultur jarduna aurrera eraman ahal izateko "mugek asko baldintzatzen" dituztela nabarmendu du asanbladak. "Zehazki, bi udal ordenantzek mugatzen dute jarduera aktibo hori. Lehenak, pankarta eta kartel ezarketari dagokionez, hurrengoa dio 52. artikuluan (Hiri hondakin solidoen bilketa eta tratamenduaren udal ordenantzak: 1. (…) pankartak eta kartelak ezartzeko dagokion udal-baimena jaso beharko da. (…). Pankarta ezartzeko eskaria (…) pankartan adieraziko den mezua azalduz eta ezarri nahi den eguna baino bi egun lehenago. Alkateak, edo haren ordez zerbitzuetako Zinegotzi-Ordezkariak hartuko du erabakia. Bigarrenik, ikuskizun publikoak edo aisialdi jarduerak antolatzerakoan aurretik ezarri beharreko bermearen inguruan bertako 10.artikuluak dio espazio irekiaren (publikoaren) edukiaren arabera, ordaindu beharreko bermea 1.000 eurotik 18.000 eurora bitartean zehaztuko da".
Egoera horren aurrean, azkenaldian propaganda egiteko izan dituzten "zailtasunak mahai-gainean" jarri nahi izan dituzte, eta "mehatxuen larritasuna" azpimarratu dute. "Jarrera horiek oinarrizko eskubide politikoen urraketaren baitan ulertzen ditugu. Despolitizazio eta izaera otzana bermatu da azken urteotan herrian, eta horren aurka jaio den espresio politiko oro isilarazteko lana egin dute instituzio burokratek, horien nahiak eta beharrak eskuratzeko oztopoak jarriz. Borondate politikoa duen herriko gazteria ordezkatzen du gazte asanbladak, eta gaztetxea sozializazioa nahiz politika egiteko ezinbestekotzat jotzen den espazioa da. Horregatik, udalean dauden alderdi politikoek ez dute inongo zilegitasunik gure jarduna boikoteatzeko, beraien interes ekonomiko propioak babesteko helburuak bultzatuta".
Horren aurrean, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei zein beste agenteei honakoa eskatu diete: "Bidean oztopoak jartzen ibili beharrean, oinarrizko eskubide politikoak bermatzeko eta gaztetxea eskuratzeko prozesuan konpromiso erreala har dezaten eskatzen diegu. Herriko gazteriaren nahiei eta beharrei entzungor egin ordez, instituzio publikoek duten betebeharra betez. Hau da, herriko kapa zabalen arazoak entzun eta horiei irtenbidea ematea".