Azkoitri Azkoitiko triatloi klubak antolatuta, duatloiak hartuko du datorren apirilaren 29 eta 30eko asteburua. Izan ere, Azkoitiko Duatloia izenpean, hainbat proba prestatuko dute ordurako, eta aurten, bi egunez jokatuko dituzte lasterketak. Iaz bezala, umeentzako probak, supersprint disantziako paraduatloia eta duatloi herrikoia izango dira egun horietan, baita distantzia motzeko Azkoitiko Duatloia ere. Aurten, igande goizean jokatuko dute proba hori, eta lehenengo aldiz, triatloian federatuek nahiz federatu gabeek parte hartu ahal izango dute —orain arte soilik federatuek eman zezaketen izena—.
Apirilaren 29an, larunbatez, umeen probak jokatuko dituzte goizean, adinka banatuta: LH1eta LH2ko haurrek, 200 metro lasterka, kilometro bat bizikletan eta beste 100 metro korrika egin beharko dute; LH3-LH4ko umeek 500 metro korrika, bi kilometro bizikletan eta ehun metro korrika egingo dituzte; LH5 eta LH6ko umeek, berriz, 500 metro korrika, hiru kilometro bizikletan eta 200 metro korrika egingo dituzte; azkenik, DBHkoek (12-16 urte) kilometro bat korrika, bost kilometro bizikletan eta 500 metro korrika egiteko ibilbidea izango dute.