Gaur, osteguna, jarri dituzte salgai Entradium atarian otsailaren 11n Baztartxo antzokian taularatuko duten Go!azen 9.0 ikuskizunerako sarrerak. Dena den, dagoeneko eskuragai daude hil honetan eta datorrenean Baztartxo antzokian Txalo Produkzioak ekoiztetxeak eskainiko dituen bi antzezlanetarako sarrerak ere. Kottauak eta Hobe ixilik! antzezlanak ikusteko aukera izango dute herritarrek datozen asteetan.
Urtarrilaren 21ean, Kottauak antzezlana eskainiko dute herriko antzoki nagusian, 19:00etan. Agertokian emakume eta gizon batek osatutako bikote bat agertuko da –Ane Gabarain eta Mikel Laskurain–. Bederatzi urteko bikote harremana dute, baina hamalau hilabeteko sexu-lehortean daude. "Gabezia" horri konponbidea bilatzeko, ikuslearekin hartu-emanean jardungo dute. Getari Etxegaraik zuzendu du komedia lan hau. Antzezlana ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 8 euroan.
Otsailaren 4an, berriz, Hobe ixilik! antzezlana eskainiko dute, leku eta ordu berean. Begoña Bilbaok zuzendu du lana, eta Itziar Ituñok eta Ramon Agirrek antzeztuko dute Baztartxon. Gaur egun, edozer esanda ere, eztabaidarako gai bihurtzen diren gaiak izango ditu bikoteak hizpide. Eztabaida dantzan dago, baina beste kontu bat da non eta nola eztabaidatzen den. Ustez adierazpen askatasuna nagusi den guneetan, jada zenbait gauza ezin dira aipatu ere egin, hala nola eguneroko hitz arruntak, galdera existentzialak eta familiarteko sekretuak. Ituñok eta Agirrek gai horren inguruko antzezlana eskainiko dute Baztartxon. Obra ikusteko sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 euroan.