Gabonetako abestiak entzungai, igandeko XXXI. Gabon Kantak emanaldian

Andoni Elduaien 2022ko abenduaren 16a

2019ko emanaldian parte hartu zuten kide guztiak elkarrekin abesten. (Floreaga)

Gabon giroan murgiltzeko aukera izango da etzi, igandea, Baztartxon. 12:00etan hasita, Floreaga Ikastetxeko hainbat taldek eta Gipuzkoako gazteen zenbait abesbatzak Gabonetako abestiak kantatuko dituzte XXXI. Gabon Kantak emanaldian.

Floreaga Ikastetxeak eta hango guraso elkarteak antolatuta, XXXI. Gabon Kantak jaialdiko kontzertua eskainiko dute etzi, igandea, Baztartxo antzokian. Ohi bezala, 12:00etan hasiko da emanaldia, eta ikastetxeko nahiz Gipuzkoako hainbat abesbatza gazte igoko dira abestera antzokiko oholtzara.

Floreaga Ikastetxeko haurren taldeak, AB Koruak, Debako musika eskolako abesbatzak, Bergarako musika eskolako abesbatzak, Mutrikuko koralak nahiz Madalen Txiki abesbatzak, eta Floreagako Elkarrekin abesbatzak parte hartuko dute emanaldian. Gabonetako abesti ezagunenak eta berrienak entzuteko parada izango da igandean Baztartxon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide