Datorren larunbatean, azaroak 5, Sagastitarrak antzezlana eskainiko du Txalo Produkzioak konpainiak Azkoitiko Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da obra, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Azkoitiko Udalaren webgunean; zortzi euroren truke eskura daitezke txartelak. Horrez gain, egunean bertan ere erosi ahal izango dira horiek Baztartxoko leihatilan.
Sagastitarrak komediaren egilea Ramon Madaula da, eta Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean arituko dira oholtza gainean honako hiru aktoreak: Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria. Honela dio antzezlanaren laburpenak: "Sagastitarrenean —goi burgesiako familia— alabarekin ez da giro. Ane giza ekintzaile feministak bere lehen abizenaren ordez amarena jartzea erabaki du: 'Patriarkatuarekin ez dugu amaituko mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean'. Anton Sagasti familia buruarentzat ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Horregatik, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu Anek abizena aldatzeko asmoa bertan behera utz dezan".