Zuriz jantzi ziren atzo arratsaldean Azkoitiko plaza eta inguruko kaleak. 900 bat heldu eta dozenaka haurrek parte hartu zuten Ttipi-Ttapa elkarteak antolatutako IV. Lasterketa Solidario Inklusiboan, eta antolatzaileek aurtengorako prestatu dituzten elastikoen zuria ikus zitekeen nonahi.
Batzuk korrika eta beste batzuk oinez tipi-tapa, kirola, elkartasuna eta festa giroa eskutik hartuta izan ziren. 17:00etan hasita egin zituzten umeentzako hiru lasterketak, eta 18:00etan hasi zen helduena. Oinez abiatu ziren parte hartzaile guztiak plazatik Kale Nagusian behera eta antxintxika egiteko aukera izan zuten nahi zutenek gero, ikusle apurren animo eta txalo artean; ikusle apurrak, izan ere, adin guztietako jendetzak egin zuen bat lasterketarekin, ibilbideko lau kilometroak betez.
Umeen lasterketa bukatu eta helduena hasi bitartean, antolatzaileek Portaleburu aretoan jarria zuten lasterketaren aurreko edizioetako argazkien erakusketari bistadizoa emateko tartea hartu zuten herritar askok. Erakusketa atzo bertan bukatu zen, eta bertan bideo bat ikusteko aukera ere izan zen, parkinson gaitzaren gaineko testigantzekin eta informazioarekin. Hain zuzen ere, Ttipi-Ttapakoek elkartasunezko kirol egitasmoarekin aurten jasotako dirua gaitz horren ikerketara bideratuko dute osorik.