Soraluzeko emakumearen hilketa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Azkoitian eta Azpeitian

Ane Olaizola 2022ko irailaren 27a

Azkoitiko Udalak deituta, bost minutuko isilunea egingo dute herriko plazan, eta Urola Erdiko Itaiak elkarretaratzea deitu du Azpeitian. Hango udalak ere salatu du hilketa, eta "mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat" egin du. Espainiako Poliziak herenegun aurkitu zuen 68 urteko soraluzetarraren gorpua Benidormeko bere etxean, indarkeria zantzuekin.

Azkoitian eta Azpeitian elkarretaratze bana deitu dituzte biharko, asteazkena, Soraluzeko (Gipuzkoa) emakumearen ustezko hilketa matxista salatzeko. Azpeitian, Urola Erdiko Itaiak deituta, 19:00etan izango da mobilizazioa, Azpeitiko plazan. Taldeak "babes osoa" helarazi die emakumearen senideei eta ingurukoei, eta azpimarratu du indarkeria matxistari aurre egiteko ezinbestekoa dela "emakume langileak antolatzea" eta "tresna eraginkorrak" martxan jartzea. Azkoitian, bere aldetik, Azkoitiko Udalak deituta, bost minutuko isilunea egingo dute herriko plazan, 18:3ean, eta herritarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu erakundeak. Gainera, "gaitzespenik irmoena" adierazi du udalak hilketa horren aurrean, eta erakundeak ere "elkartasuna helarazi" die hildako emakumearen familiari eta gertukoei.

Herenegun topatu zuen Espainiako Poliziak 68 urteko emakume baten hilotza Benidormeko bere etxean (Herrialde Katalanak). Emakumeak bi labankada eta indarkeria zantzuak zituen, eta soraluzetarra zen. Polizia hilketa matxistatzat ari da ikertzen gertaera, eta biktimaren senarra da susmagarri nagusia. Trafiko istripuan hil da hura, eta Poliziaren hipotesi nagusia da bere buruaz beste egin duela.

Udalaren salaketa eta atxikimendua

Azpeitiko Udalak ere salatu du Soraluzeko emakumearen hilketa, eta hildakoaren senitartekoei zein gertukoei "elkartasuna" adierazita, "hilketa salatzeko mugimendu feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat" egin du erakundeak.

"Indarkeria matxista gizon eta emakumeen berdintasun gabeziatik sortutako arazo larria" dela gogoratu du udalak;  "giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi" nahi izan du, "ez Azpeitian eta ez beste inon ere", eta urraketen aurrean "modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela" azpimarratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide