Giro paregabearekin, 55 lagunek parte hartu dute gaur Jokin Ormaetxea txirrindularitza elkarteak antolatzen duen Martirietarako igoeran. Bi urteko etenaren ostean berreskuratu egin dute proba, eta ohikoa denez, plazatik abiatuta 3,7 kilometroko bidea egin behar izan dute parte hartzaileek. Kosta ahala kosta, txirrindulari denak iritsi dira Martirietan jarritako helmugara.
Proba bukatzen lehena Oier Ibarguren azpeitiarra izan da; hain zuzen ere, 11 minutu eta 41 segundo behar izan ditu hark ibilbidea gauzatzeko. Bigarrenari tarte pixka bat atera dio Ibargurenek, eta gero erreskadan iritsi dira txirrindulariak Martirietara. Emakumeetan aurrena, berriz, Aratz Rodriguez hondarribiarra izan da; hark 17 minutu eta 45 segundo behar izan ditu Azkoititik Martirietara igotzeko.
Partaide denek proba bukatu dutenean, hamaiketakoa egin dute plazan, eta ondoren ekin diote sari banaketa ekitaldiari. Jokin Ormaetxea elkarteko eta udaleko ordezkariek banatu dituzte sariak. Irabazleek oroigarri bana jaso dute, baina beste bi sari ere banatu dituzte: lehen kilometroa azkarren egin duen txirrindularia izan da Josu Ibarmia, eta helmugaratzen azkena, berriz, Jose Antonio Estrella.
Hona hemen, probako irudiekin eta irabazleen hitzekin osatutako bideoa: