Gogotik ospatu dute Azkoitian Pelotai Euneren itzulera

Mailo Oiarzabal, Urtzi Oteiza eta Julene Frantzesena 2022ko ekainaren 19a

Anduezatarrak omendu dituzte aurten Kontzejupean hasierako ekitaldian. Binakako pilota txapelketa herrikoiaren finaletan, berriz, Eneritz Garate-Oihane Uzin eta Oier Epelde-Unai Juaristi bikoteek jantzi dituzte txapelak.

Bi urteko geldialdiaren ondoren, Pelotai Eune itzuli da Azkoitira da, eta pilotaren bueltan festa egun betea ospatu zuten atzo herrian.

Ostiralean bisita gidatuarekin hasi zituzten VI. Pelotai Eune dela-eta antolatutako ekintzak; zazpi lagun elkartu ziren Juan Bautista Mendizabalen azalpenak entzuteko, tartean Galdakaotik (Bizkaia) espresuki etorritako bi. Baina atzo izan zuten egun handia, eta goizetik antzeman zen hori. Txalkor txistulari taldekoak kalejiran ibili ziren buruhandiekin 11:00etatik, pare bat orduz. Eguerdian, eguneko lehen partida jokatu zuten Kontzejupean; jendeak adi jarraitu eta gozatu zuen Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Oihana Orbegozok Amaia Aldaregiaren eta Naroa Agirreren kontra jokatu zuten neurketa.

Ondoren iritsi zen eguneko hitzordu bereziena, Pelotai Euneren hasiera ofiziala. Azkoitiak pilotarekin duen lotura estuaren barruan esanguratsua den herritarren edo herritar multzoren bat omenduz eta omendutakoek egunaren hasierako pilotakada emanez hasten da beti Pelotai Eune, eta aurten Andueza familiakoak izan dira omenduak. Azkoitiko pilotari dinastia garrantzitsuenetako bat izan dira anduezatarrak, eta atzo familiako belaunaldi desberdinetako kideak elkartu dziren Kontzejupean. Antolatzaileek anduezatar senide zaharrenei txapel bana jantzi zieten, eta aurreskua eta bertsoak ere eskaini zizkieten. Ohorezko pilotakada, berriz, Pello Anduezak eman zuen.

Omendu nagusiak anduezatarrak izan dira aurten, baina Pelotai Euneren hasierako ekitaldian beste batzuentzat ere izan ziren txaloak, herenegun gomazko paletan Gipuzkoako Herriartekoa irabazi zutenak eta Jexux Arrizabalaga Tata ere gogoan izan baitzituzten antolatzaileek.

Hemen, atzo eguerdiko eta herenegungo argazki batzuk (Mailo Oiarzabal eta Pelotai Eune):

Txapelketa herrikoiaren finalak

Azoka Plazan berrehundik gora lagun elkartu zituen bazkariaren ondoren jarraitu zuen pilota festak Kontzejupean. Arratsaldeko partida nagusiak binakako txapelketa herrikoiaren finalak izan ziren.

Lehenik nesken finala jokatu zuten, eta Eneritz Garatek eta Oihane Uzinek Maria Garateren eta Oihana Aranbarriren kontra neurtu zituzten indarrak. Garate eta Uzin nagusitu ziren, 22 eta 7. Segidan jokatu zuten mutilen finala Oier Epeldek eta Unai Juaristik nahiz Jon Oteizak eta Julen Olaizolak, eta Epeldek eta Juaristik jantzi zuten txapela, partida 22 eta 20 irabazita.

Bi finalak bukatzean egin zuten sari banaketa ekitaldia Kontzejupean bertan, eta han izan ziren garaikurrak eta garaileen txapelak banatzen Javier Zubizarreta alkatea eta Angel Martin zinegotzia, baita Pelotai Euneren sustatzaileak ere.

Hemen, finaletako argazkiak (Azkoitiko Udala eta Pelotai Eune):

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide